Ainhoa Ruiz de Infantek eta Nora Mendizabalek binakako txapelketa nagusiko finalerdiak jokatu dituzte domekan

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 2a

Asteburuan euren partidua irabazi egin dute eta gainerako emaitzak aldeko izan dituzte. 

Emakumezkoen Binakako Txapelketa Nagusiak ezagutzen ditu dagoeneko hurrengo domeka eguerdian Agurainen jokatuko diren finalerdietako protagonistak. Han arituko da Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra Nora Mendizabalekin batera. Arrizabalaga eta Bergara izango dituzte kontrario. Azken hauek izango dira faborito, ligaxkan jokatutako partidu denak irabazi egin dituztelako. Sei partidutan 61 tanto besterik ez dizkiete egin. Bigarren finalerdian Sagarduik eta Gamindek Aldairen eta Arrillagaren kontra jokatuko dute. 

Emozioz betetako jardunaldi bi jokatu dira asteburuan, hainbat bikote finalerdietara sailkatzeko lehia betean zeudelako. Ruiz de Infante-Mendizabal zen bikote horietako bat. Barikuan etxeko lanak egin zituzten Ortuellan, Gomez-Capellan bikoteari irabazita: 22-8. Marta Gomez ortuellarrak Maddalen Etxagarairen ordez jokatu zuen.

Baina garaipena ez zen nahikoa. Beste emaitza batzuen menpe ere bazegoen sailkapena. Horregatik, adi jarraitu zuten domekan Igorren jokatutako jardunaldia. Bertan Sagarduik eta Gamindek 22-11 menderatu zituzten Ibarrola eta Erasun. Lehenengoak sailkapeneko bigarren postura igo eta bigarrenak kanporatuta geratu ziren, Ruiz de Infante-Mendizabal bikotearen mesedetan. Hiru garaipenetara berdinduta, azken hauek tanto gehiago egin dituzte ligaxka osoa kontuan hartuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!