Emakume Master Cup binakako txapelketaren azken aurreko jardunaldia ez da ona izan Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrarrentzat. Mendizabal eta biek galdu egin zuten Ibarrola-Erasun bikotearen aurka atzo, Asteasun: 16-22. Lehen zati eskas baten ostean (9-21) suspertu egin ziren (16-21) baina erreakzio hori ez zen nahikoa izan partiduari buelta emateko.
Ligaxka amaitzeko jardunaldi baten faltan, Ruiz de Infante eta Mendizabal bosgarren daude sailkapenean garaipen birekin. Lau onenak sailkatuko dira finalerdietarako. Une honetan Sagardui-Gaminde bikotea dago laugarren bi garaipenekin eta Ibarrola-Erasun bikotea dago hirugarren hiru garaipenekin.
Ruiz de Infantek eta Mendizabalek Ortuellan jokatuko dute azken jardunaldia, barikuan. Jokatutako bost partiduak galdu dituen Etxegarai-Capellan bikotea izango dute aurkari.
Berasaluzeren garaipena
Asteburuan Etxebarrin jokatu den beste jardunaldian eskualdeko pilotari bat aritu zen: June Berasaluze berriztarra. Durango Pelotazale Klubeko pilotariak eta Onintza Galdosek 18-5 irabazi zuten promesen mailako partidua Irene Azkona-Nahia Uriarte bikotearen aurka.
(Argazkiak: Emakume Master Cup)
