Zelan sortu zen ‘Untxiki baso miresgarrian’ liburua?
Untxiki baso miresgarrian (Denonartean, 2025) alegia bat da. Aspalditxotik zebilkidan buruan. Prosan idatzita dago eta sei kapitulu laburrez osatuta dago. Untxiki pertsonaia nagusia da, Urbiako zelaietan bizi den untxia. Azeri batengandik ihesean dabilela, untxi-zulo batean sartu eta baso miresgarri batera helduko da. Animalia bereziak ezagutuko ditu han. Batzuk on eta lagunkoiak, eta beste batzuk gaizkile eta erasotzaileak. Untxi txikiak bereak eta bi egingo ditu horien guztien erasoetatik bizirik irteteko. Ikaskizun bategaz amaitzen da kontakizuna, adiskidetasuna, adimena eta ausardia dohain handiak direla.
Irudiak Jokin Mitxelenarenak dira.
Bai. Irudiak jaso nituenean, benetan politak iruditu zitzaizkidan, aukera-aukerakoak, eta harrituta geratu nintzen Mitxelenak sortutako mundua ikusita. Irudi koloretsuak dira, eta ezinbestekoak alegiaren osaketan. Benetan estimatzen dut bere lana.
Azkenengoz, jolasteko ipuin bat aurkeztu zenuen azokan. Hau beste proposamen bat da.
Mihi-puntaren puntan (Elkar, 2023) 365 igarkizunek osatzen zuten; liburuak urteko egun bakoitzean igarkizun bat asmatzeko proposamena ematen du. Pieza laburrez osatuta dago, eta, igarkizunak izanik, lotura zuzena du errimekin, erritmoagaz eta poesiagaz. Liburu hau, ostera, beste era batekoa da. Kontakizuna du haria, prosa. Amaieran, alegiaren ikasbideak berebiziko garrantzia hartzen du. Dena dela, liburu biek antzeko ezaugarriak dituzte: bai igarkizuna bai alegia, biak ala biak, tradizioz behintzat, ahozko literaturan errotuta daude.
Hainbat itzulpen lan ere egin duzu. ‘Aurpegia’, ‘Eguberri on, otso basatia’, ‘Eta postaria gutun bihurtu zen’ eta Sherlock Shator bildumako liburu bi.
Itzulpena barik egokitzapena da Aurpegia (Pamiela, 2026), asko maite dudan Ilargian kulunkantari bildumako liburuki berria. Ikus-poema errezitagarria da, piktograma poetikoz osaturikoa. Errima eta erritmoa nagusi dira eta haur txikiekin abesteko aukera ematen du. Besteak Ibaizabalek argitaratutakoak dira, denak proposamen paregabeak irakurzaletasuna bultzatzeko.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Aspalditxoan sortutako mikro ipuinak ditut han-hemen idatzita, helduentzat. Aspaldiko kontuak dira. Horiek guztiek taxuketa beharko lukete. Aurrerantzean, horietan ipini beharko nuke arreta. Bestalde, berriro ere haur-poesiari heldu gura nioke, eta zeozer berria sortu esparru horretan. Gero gerokoak.