Bederatzi hilabete iraun duten lanak amaitu ondoren, Otxandion erabilgarri dute Maindoko kirolgune berria. Erabilera anitzeko futbol zelaia, pump track zirkuitoa eta kalistenia parkea biltzen dituen azpiegiturak 877.000 euroko inbertsioa eskatu du. Udalak 100.000 euroko diru-laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik, landa eremuetan egindako inbertsioak laguntzeko EREIN programaren bitartez.
Kirolgune berriagaz eremua Mainondo inguruari osotasuna eman dio udalak. Frontoia eta igerilekuak ere badaude bertan. "Oso garrantzitsua izan da. Degradatuta zegoen inguru bat berpiztu dugu. Inguruak beste itxura bat hartu du, azpiegitura berriak eremu osoa aberastu du", azaldu du Mikel Abasolo, Kirol eta Zerbitzu zinegotziak.
Aurrera begira udal ordenantza landuko du udalak, azpiegituraren erabilera arautzeko. "Herriko kirol taldeek eta eskolak kirolgune berria erabiltzeko aukera izan dezaten bermatzeko", dio Abasolok.
Proiektua herriko kirol eragileekin, hezkuntza komunitatearekin eta haurrek egindako ekarpenekin elkarlanean garatu dela nabarmendu dute udal ordezkariek, "guztion beharrak eta ideiak kontuan hartuta". Gaineratu dutenez, "Mainondoko kirolgune berria guztion lanaren emaitza da, herritar guztion gozamen eta erabilerarako sortua".