Zelan bizi duzue egoera?
Eider Ajuria: Umea gaixotuz gero, Legution eskatu behar dugu hitzordua, erizainagaz, eta umeak medikuarengana joan behar badu erizainak berak kudeatzen du hitzordua. Urte bi baino gutxiagoko umeak pedriatrarengana bideratzen ditu beti, Gasteizera, eta urte bitik gorako umeak Otxandioko familiako medikuarengana. Ez ditu pediatra batek artatzen, aldizkako azterketa egokitzen ez bada behintzat. Egun berean hitzordu bi ditugu, leku desberdinetan.
Ane Abasolo: Gainera, baliteke hitzordu bien arten hiru orduko tartea egotea. Beti izan dugu pediatra Legution. Larria bada, Txagorritxura (Gasteiz) joaten gara zuzenean.
Jaioberrien kasua da zaurgarriena.
E.A.: Bai, azterketak oso maiz izaten dira, hori dena ondo badoa.
A.A.: Bestalde, badaude kotxerik ez dutenak. Legutiora joateko gatx badute, zer esanik ez joan-etorrian ibili behar badute. Gainera, pediatria zerbitzua 08:30etik 10:30era dago Legution.
E.A.: Orain gutxi umeak sukar handia izan zuen eta pediatra batek ikustea eskatu nuen. Baina horren aurretik erizainak ikusi behar zuela erantzun zidaten, berak medikuarengana bideratzeko. Horixe zela protokoloa. Umea ondo egon ez arren, kotxean bueltaka ibili behar izan nuen, Legutiora, Otxandiora eta Gasteizera joateko.
A.A.: Egoera honek lan karga handiagoa sortzen die herriko familiako medikuari eta Gasteizko pediatrari.
Udalean 150 sinadura aurkeztu dituzue. Zer eskatu duzue?
A.A.: Udala Osakidetzagaz elkartzea, egoerari irtenbidea emateko. Gainera, ez dakigu noiz arte iraungo duen horrela. Gurasook larri gaude eta erantzun bat gura dugu. Badakigu hartu-emanean jarri direla.
E.A.: Bermatu beharreko zerbitzua da, nahitaez.
Eta orain zer?
E.A.: Udalagaz hartu-emanean jarraituko dugu, eta egoeraren arabera aukerak aztertuko ditugu. Onartezina da hiru herri pediatria zerbitzurik barik egotea. Herri txikietako zerbitzuak murrizteko joerak arduratu egiten nau. Eta batez ere zerbitzu horiek desagertzeak, herri edo hiri handietan zentralizatzeko. Zergak berdin ordaintzen ditugu eta oinarrizko zerbitzuak bermatu behar zaizkigu.