Otxandiok elkarbizitzarako bide orria sortu du

Aitziber Basauri 2025eko azaroaren 11

Azaroaren 5ean egindako aurkezpenaren ondoren ateratako argazkia. OTXANDIOKO UDALA

Kulturarteko elkarbizitza sustatzeko lan-ildoak zehaztu dituzte Otxandion. Horretarako, diagnosi bat egin dute kulturartekotasuna eta elkarbizitza aztertzeko. Joan zen astean aurkeztu zuten herrian, prozesua borobildu eta ekarpenak batzeko. 

Otxandioko biztanleria osoaren % 12 jatorri atzerritarrekoa da. Familia egituran bizi dira orokorrean. Kasu askotan, emakumea umeekin herrian bizi eta gizonak beste nonbait lan egiten du. Horixe da Otxandion izandako prozesuaren berezitasuna, eta, azken 20 urteetako bilakaeraren aurrean, udalak Migrazio eta Elkarbizitza Plana landuko du; horretarako, diagnosi bat egin du kulturartekotasuna eta elkarbizitza aztertzeko. Martxoan hasitako prozesua borobildu eta ekarpenak batzeko, Jatorri atzerritarreko bizilagunak eta harrera-gizartea: kulturartekotasunerako elkarbizitza jomuga proiektua aurkeztu zuten joan zen astean.

Elhuyar aholkularitza taldeak egin du diagnosia, udalaren eta 11Lore elkartearen laguntzagaz. "Premia berriak sortzen ari zirela ohartuta, garrantzitsu ikusi genuen egoera zein den jakitea, dauden premiei erantzuteko", esan zuen Maider Arejolaleiba zinegotziak. 11Lore elkarteko Julen Vilaltaren berbetan, "lehenengo erradiografia" bat egin dute. "Jatorri atzerritarreko herritarrei galdetu diegu, euren premiak ulertzeko; Otxandion topatutako traben inguruan galdetu diegu, kulturarteko elkarbizitza sustatzeko ezinbestekoa", esan zuen Vilaltak.

Elhuyarreko Leire Lizarraldek argitu duenez, errolda eta hezkuntza arautuko zein ez-arautuko datuak bildu dituzte. Estatutik kanpoko migratuekin eta estatu barrukoekin talde elkarrizketak egin dituzte, eta modu askotan eragin dezaketen herriko elkarte eta eragileekin batu dira. Informazio osoa baliatuta, hiru lan-ildo finkatu dituzte: integrazioaren ulerkera eta trataera partekaturantz pausoak emateko premia; parte hartzeaz harago parte izateko bidea egin beharra; eta, euskara ardatz dela, gizarte eta hizkuntza aniztasuna kudeatzeko erronka. Horretan eragiteko, ekintza zehatzak garatuko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!