Kulturartekotasuna eta elkarbizitza aztertzeko diagnosia egin dute Otxandion. Eta bildutako ondorioak azaltzeko batzar irekia egingo dute bihar, Kultur Etxeko areto nagusian. Etorkizunera begira jorratzeko lan-ildoak ere azalduko dituzte. Martxoan abiatutako prozesua borobiltzeko ekitaldia izango da. Bertan, herritarrek egin ditzaketen ekarpenak jaso gura dituzte.
ElHuyar alhokularitza taldeak landu du diagnosia, Otxandioko Udalaren eta 11Lore elkartearen laguntzagaz. Jatorri atzerritarra duen biztanleria %12 da Otxandion, gaur egun. Guraso eta seme-alabek osatutako familia nukleoak dira, batez ere. "Azken 20 urtean, Otxandiora etorri diren jatorri atzerritarra duten herritarrak familia estruktura batean daude, orokorrean. Kasu askotan, ama geratzen da herrian umeekin, eta gizona beste nonbaiten dihardu lanean. Hori da guk garatutako prozesuaren berezitasun nagsuia. Batez ere, jatorri atzerritarra duen umeen kopurua igo da azken urteetan". Hala azaldu du Julen Vilaltak, 11Lore elkarteko kideak.
Otxandioko Udalak landu gura duen Migrazio eta Elkarbizitza Planaren barruan kokatzen da egindako diagnosia. Maider Arejolaleiba zinegotziak azaldu duenez, "herrian premia berriak sortzen ari zirela ohartuta, garrantzitsua iruditu zitzaigun diagnosi bat egitea, egoera zein den jakiteko eta premia horiei erantzun bat emateko". Vilaltak nabarmendu duenez, "lehen erradiografia" bat egin gura izan dute: "Jatorri atzerritarra duten herritarren premiak ulertzeko aukera emango zigun argazkia, eurei galdetuta gainera. Herri honetan aurkitu dituzten trabak zeintzuk izan diren jakiteko aukera izan dugu. Ezinbestekoa da hori kulturen arteko elkarbizitza sustatu gura badugu".
Datu kuantitabo eta kualitatiboak
Datu kualitatiboak eta kuantitatiboak batu dituzte, ElHuyar Aholkularitza taldeko Leire Lizarraldek azaldu duenez. Erroldako datuak, eskolako matrikulazioen datuak eta aisialdi jarduerekin lotutakoak aztertu dira. Era berean, estatuaz kanpotik prozesu migratoria bizi izan duten herritarrekin (19 herrialdetako pertsonekin elkartu dira) taldekako elkarrizketak egin dira; baita estatuko migratuekin ere. Bestalde, modu askotara eragin dezaketen herriko elkarte, eragile eta norbanakoekin egon dira. "Herrian galdetegi bat ere banatu da gura izan duten herritarrek erantzun zezaten. Bada, 19 galdetegi helarazi dizkigute erantzunda. Pozik gaude erantzunagaz". Azaldu du Arejolaleibak. Prozesu "oso aberasgarria" izan dela gaineratu du. "Jende asko inplikatu da eta sortutako hartu-emanak oso aberasgarriak izan dira".
Datu eta informazio guzti hori baliatuta hiru lehentasun nagusi finkatu dituzte: integrazioaren ulerkera eta trataera partekatu barterantz jotzeko pausoak emateko premia; parte hartzeaz haratago parte izateko bidea egiteko premia; eta euskara ardatz izanda, gizarte eta hizkuntza aniztasuna kudeatzeko erronka. Horrexek dira zehaztu dituzten lan-ildo nagusiak. Guzti horretan eragiteko ekintza zehatzak garatuko dituzte.
Vilaltaren berbetan, kulturartekotasuna "gai transbertsala" bihurtu behar da, "egunerakoan presente dagoen gaia". Horretarako udalaren borondate politikoa eskertu du.