Otxandioko aberastasun arkitektonikoa, aztergai

Anboto 2025ko urr. 24a, 11:09

Artxiboko irudia.

Zapatuan ibilbide gidatua egingo dute Plaza Nagusiaren inguruan garatutako eraikuntzak ezagutzeko. 

Otxandion Plaza Nagusiaren inguruan garatu dira herriko elementu arkitektonikorik garrantzitsuenak. Esaterako, herriko udaletxea eraikuntza barrokoaren adibide ezin hobea da, Bizkaian garrantzitsuenetariko bat. Eta parez pare dagoen frontoia 1857an eraiki zuen Kristobal Bernaola arkitekto arratiarrak. Pasealekua eta Bolatokia ere aipagarriak dira, eta, horregaz lotuta, 1861eko harrizko zutabe segida. Vulcanoren harrizko irudiak osatzen du Otxandioko herriguneak batzen duen aberastasun arkitektonikoa.

Elementu eta eraikuntza horiek gehiago ezagutzeko, zapatuan ekitaldia egingo dute Europako Ondare Jardunaldien barruan, udalak Gerediaga elkartearen laguntzagaz antolatuta. Ibilbide gidatua 11:00etan hasiko da, Plaza Nagusian bertan. Lekua mugatua denez, aurretiaz izena eman behar da. Horretarako, 94 681 80 66  telefono zenbakira deitu daiteke, edo ejardunaldiak@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!