Europako Ondare Jardunaldien barruan, Urkiolako parketxeak bisita gidatu bat antolatu du zapaturako Bizkaian erabili izan zen azken elur-zulo tradizionala, Astakurutz elur-zuloa, ezagutzeko. Neguko elurra metatzeko, zuloak egiten zituzten mendian, sorturiko izotza beroaldietan erabiltzeko.
Antolatzaileek Otxandioko plazan ipini dute hitzordua, 10:00etan. Sei kilometroko ibilaldi zirkularra egingo dute, Felix Muguruzak gidatuta. Astakurutz elur-zuloa, harbide bat eta Presazelaiko basoa bisitatuko dituzte. Lekua mugatua da eta izena eman behar da (94 681 41 55 / urkiola.parke.naturala@bizkaia.eus).