Otxandion Galeuskal jaia ospatuko dute, bigarrenez

A.B. 2025ko urr. 17a, 10:30

Artxiboko irudia.

Egun osoko jaia izango dute domekan Otxandion. Udazkeneko nekazaritza eta artisautza azoka egingo dute goizean, eta Kementsu kultur elkarteak umeentzako jolasak, olagarro dastatzea eta musika antolatu ditu arratsalderako. 

Iaz ospatu zuten lehenengoz Galeuskal Jaia Otxandion, Kementsu kultur elkarteak antolatuta. Izandako harrera ikusita, aurten ere antolatzea erabaki dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute euskal kultura eta galiziarra batzen dituen elkartasun jaia ospatzeko. 

Udalak eta Gorbeialde Landa Garapen elkarteak antolatuta, udazkeneko nekazaritza eta artisautza azoka egongo da, 11:00etatik 14:30era. Zazpi ekoizlek eta lau artisauk euren produktu eta artisau lanak salgai ipiniko dituzte plazan. Besteak beste, gazta, pastelak, garagardoa, gozoak, patea eta ogia salduko dituzte erakustokietan. Horrez gainera, 12:00etan olagarro eta ardo dastatzea egingo dute, Galiziako gaiteroek girotuta. Kementsu kultur elkarteak umeen jolasak eta aurpegi margotzea ere antolatu ditu. Aire Eire plaza taldeak berotuko du jai giroa, 19:00etan hasita.

Kementsu elkarteak eta Mirugai mendizale taldeak antolatuta, XXXV. Perretxiko Erakusketa egongo da domekan, 11:30etik 14:30era. Perretxikoei buruzko ezagutza emateko eta perretxikoak zaintzeko beharraz ohartarazteko antolatu dute erakusketa, Juan Kruz Lejarcegiren berbetan. "Ahalik eta perretxikorik gehien batzen ahaleginduko gara, asko ez dagoen arren lehortearen eraginez. Horretarako, perretxikozaleak gonbidatu ditugu baturiko aleak ekartzera", gaineratu du Lejarcegik. Perretxikoak bezperan eroan behar dira kultur etxera, 13:00ak baino lehenago. Errotari Mikologi elkarteak sailkatuko ditu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!