Limitaduari buruzko ikerketa sakona egin zenuten orain urte batzuk. Zein zen helburua ?
Limitaduan zer gertatu zen azaldu gura genuen, eta lurzati horregaz lotuta sorturiko gatazka menderik mende zelan aldatu den: zeintzuk aldaketa gertatu diren eta zelan heldu garen gaur egungo momentura. Dena ikuspuntu zabal bategaz eta sakontasun historikoa baliatuta. Horixe zen ikerketaren helburua. Diziplina anitzeko ikerketa egin genuen eta horrela islatzen da liburuan.
1457ra jo behar dugu Limitaduko gatazkaren abiapuntua ezagutzeko.
Esan genezake orduan irten zela argitara Limitaduko gatazka. Izan ere, Juan Alonso de Muxika Aramaioko Jaunaren amak, Elvira de Leivak, sinatutako 1457ko Konkordian Otxandioko hiribilduaren eta Aramaioko Jaunaren arteko gatazka aipatzen da, eta agiri horrek aurretik zegoen egoera bat biltzen du. Egoera hori konpontzeko ahalegina da Konkordia, baina kontrakoa gertatzen da.
Zer jasotzen du 1457ko Konkordiak?
Limitaduaren deskribapena egiten da, nondik nora den —gaur egun oso muga antzerakoak izango lituzke— zehazten da, eta baita Otxandioko hiribilduari eta bertako biztanleei zenbat eskubide ematen zaizkien. Basoaren ustiapenagaz loturiko pribilegioak ere aipatzen dira. Kontuan hartu behar da basoa oso baliabide garrantzitsua zela momentu hartan: ganaduaren jatekoa eta edatekoa han zegoen, etxea berotzeko edo kozinatzeko behar zuten egurra ere bai, fruitu lehorrak basoan zeuden, etxeak eraikitzeko zura ere bai... Baliabidez beteriko lekua zen Limitadua.
Zeintzuk pribilegio zituzten?
Ganadua Limitadura eramateko eskubidea zuten, abereek bertan jan eta edan zezaten, eta egurra eskuratzeko pribilegioa ere bai. Ahal zen neurrian, lur horiek landatzeko eskubidea ere lortu zuten. Hala ere, otxandiarrek ezin zuten lur zati horretan etxerik eraiki, ezta bertatik zura atera ere eraikuntzak egiteko. Aramaioko Jaunak berarentzat gorde zuen pribilegio edo eskubide hori. Otxandiok ez zeukan lur zati horren jurisdikzio eta jabetza eskubiderik.
Dena dela, horrek ez zuen herri bien arteko gatazka konpondu.
Ez, inola ere ez. Harrezkero eztabaida edo liskar mordoa sortu da Limitaduaren inguruan, etengabe. Dena dela, 1664an Limitaduaren jurisdikzioaren zati bat berea izatea lortu zuen Otxandiok. Jurisdikzio partziala zen, basoaren ustiapenagaz loturiko arazoetan baino ez zeukan-eta erabakitzeko eskumena. Urte horretan, alkateak eta kontzejuak egindako mugarrien bisita ofizialdu zen. Hor du jatorria gaurdaino heldu den Otxandioko Basabisitak. Limitaduko inguruko mugarriak aztertzen hasi ziren eta hiribilduko alkateak Bizkaiko Korrejidorearen Teniente Nagusiak emandako Justiziako Errege Makila eroan zuen.
Otxandiok ez zuen bereganatu eskubide gehiago.
Ez, eta gehiago korapilatu zen gatazka. Izan ere, XIX. mendean aktore berriak agertu ziren; instituzio berriak sortu ziren: Aldundiak. Arabakoak Aramaioren alde egin zuen, eta Bizkaikoak Otxandioren alde. Garai nahasiak izan ziren, gainera. Gerraz betetako urteak izan ziren, karlistadak gertatu ziren... Eta dirua behar zen. Testuinguru horretan, gatazka gehiago sortu zen: Limitaduko biztanleek non ordaindu behar zituzten zergak? Auzia asko korapilatu zen, nahiko modu gordinean.
Gipuzkoako Aldundiaren bitartekaritza ere eskatu zen 1911n, baina ez zen konponbide batera heldu.
Gipuzkoako Aldundiak Arabakoaren alde ebatzi zuen, eta Bizkaiko Aldundiak eta Otxandiok ez zuten hori onartu. Beste ahalegin bat egon zen 1918an: Bizkaiko Aldundiak dirua eskaini zion Arabakoari, baina azken horrek ez zuen onartu. Azken ahalegina Arartekoak egin zuen, 1999an. Limitadua udalerri bien artean banatzeko proposamenak ez zuen aurrera egin eta gaurdaino mantendu da tirabira. Limitadua Aramaiorena da, baina lurraren aprobetxamendua eta jurisdikzioa, zati batean, Otxandiorena. Dena dago nahastuta, eta han bizi direnen egunerokoan eragin zuzena du.
Auzi historikoaz gainera, Limitaduaren paisaiaren garapena ere jaso duzue liburuan.
Limitaduan paisaia eta ondarearen garapena eta auzi historikoek paisaia horretan izan duten eragina azaldu gura izan dugu. Horretarako, askotariko 319 elementu batzen dituen katalogoa osatu dugu. Mugarriak, abereentzako txabolak, gerra garaiko lubakiak, txondorrak... batzen ditu. Baita biomarkagailuak ere: markatuta dauden arbolak edo eremu zehatz bat mugatzeko erabili diren elementuak (arbolak edo elorri zuria, adibidez). Elementu horiek guztiek paisaia horrek duen balioa erakusten digute, eta Limitaduan begi-bistakoak eta ikusgarriak dira. Arbolak inausita daudela ikusi daiteke, egurra lortzeko ebakita. Eta adarrek oso itxura desberdina dute, egurrari emango zitzaion erabileraren arabera moztu ziren erakusle (habeak lortzeko, ikatz-egurra izateko...). Aurreikuspen itzelagaz ustiatzen zuten basoa, oso lan zorrotza egiten zen. Otxandiok ezinbesteko izan ditu Limitaduko baliabideak herriaren garapenerako. Oso ikerketa aberatsa da, modu transbertsalean landu dugulako. Lan geografiko handia ere egin da eta hainbat mapa jasotzen du.
Lan etnografikoa ere egin duzue.
Otxandiarrek gatazkari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko, elkarrizketak egin genituen adineko pertsonekin, eta ikusi dugu elementu identitario bat direla bai gatazka historikoa bai Basabisita. Interesgarria izan da ikustea komunitatearen identitatea indartzen dutela. Errituala, jaia, identitatea, historia... hori guzti hori nahasten duen ohitura oso aberatsa da Basabisita.
Zerk egiten du berezi Limitaduko auzia? Badu konponbiderik?
Auzia Erdi Aroan sortu zen eta XXI. mendean bizirik jarraitzen du oraindino. Horixe da Limitaduak duen berezitasun nagusia. Erdi Aroan ohikoa zen herriko lurretan gatazkak sortzea, Euskal Herrian eta Europan ere bai. Baina horrenbeste iraun duenik ez dut ezagutzen. Erdi Aroko parametroetan sortu zen auziari konponbidea ematea ez da erraza; gaur egungo testuingurua beste bat da.
Usadioari eutsiz, Otxandion Basabisita egiten dute iraileko hirugarren domekan, Limitaduko mugak aztertzeko. OTXANDIOKO UDALA
Udal ordezkariek akta sinatzen dute Oletan urtero. UDALA
Arbola batean egindako seinale bat. UDALA