Basabisita egingo dute Otxandioko mugak aztertzeko

Anboto 2025ko ira. 20a, 11:30

2023ko Basabisitako irudia. UDALA

Ohiturari hutsik egin barik, otxandiarrak Basabisita egiteko elkartuko dira domekan, gaur egun ere eztabaida sortzen duen Limitadura buelta egiteko. Plazan ipini dute ordua, 08:00etan. 

Otxandio eta Aramaio artean dagoen lur eremuari deitzen diote Limitadua, eta oraindino ez dago argi noren jabetzakoa den. Bada, otxandiarrek irteera egiten dute herriko mugak aztertzeko, iraileko hirugarren domekan. Aurten ere halantxik egingo dute. Mugarrien egoera aztertu eta ondoko arboletan markak egingo dituzte, herriko mugak markatzeko. Ondoren, udal idazkariak akta jasoko du Oletan. Udal ordezkariek ez ezik, herritarrek ere badute sinatzeko aukera. Bertaratutakoen artean bakailaoa eta ardoa banatzen dituzte.

Liburua
Limitaduaren gaiak XV. mendean du sorburua. Halantxik dio auzi historiko hau bere testuinguruan aztertzeko Otxandioko Udalak Belen Bengoetxea arkeologo durangarrari eskaturiko ikerketak. 2018tik 2020ra bitartean egin zuten azterketa historiko sakon horretan baturiko informazioagaz liburu bat kaleratu du udalak, aurten. Domeka eguerdian banatuko dute plazan, udal ordezkariek azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!