Herritarrek zein udalak egin ahal izango dute galdeketarako eskaria. Erroldatuta dauden % 20ren sinadurak aurkeztu beharko dituzte herritarrek. Udalak, ostera, zinegotzien laurden bat batuta egin ahal izango du, edo ordezkaritza duten udal talde bik. Eskariari bidea emateko, udalbatzak aho batez onartu beharko du, Egoitz Garmendia alkateak azaldu duenez. 16 urtetik gorako otxandiarrek izango dute bozkatzeko eskubidea. Era berean, galdeketaren parte hartzea erroldaren % 30 baino txikiagoa bada, ez da herri borondatearen adierazle modura hartuko. "Galdeketak kontsultarako dira, ez dira lotesleak. Baina, eskaria onartzean, emaitza aintzat hartzeko borondateagaz egiten da", gehitu du.