ETB1eko lantalde bat Otxandioko santamañetan egon zen joan zen uztailaren 18an, Erromerian saiorako atal bat grabatzen. Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran telebista aurkezleak bertan izan ziren, udalerriko ohiturak ezagutzen. Bada domeka honetan, egun hartan grabatutakoak eskainiko dituzte Euskal Telebistako euskarazko katean. Saioko kideek iragarri dutenez, herriko historia, istorioak, oroitzapenak, musika, dantza eta testigantzak eskainiko dituzte saioan. Besteak beste, Mikel Agirregabiria historialaria, Maritere Larrañaga abesbatzako kidea, Ainhoa Lasuen dantzaria eta Luis Mari Bengoa musika bandako kidea azalduko dira bertan. Emanaldia 21:00etan izango da. Normalean, ETBk 22:00etan eskaini ohi du saioa, baina Donostiako su-artifizialen emanaldia dela eta, ordubete lehenago emango dute Otxandiokoa.
Jakina da Santa Marina eguna ospakizun seinalatua dela Otxandion, egitarau oparoa duena. Aurten ere, ez dute hutsik egin dultzaineroek, txistulariek, erraldoi eta buruhandiek, musika bandak eta Urduri dantza taldeak. Halaber, herria jaietan zehar bonbardatu zutela ere ondo akorduan dute otxandiarrek. Erromerian saioko kideek horien guztien berri emango dutela iragarri dute.