Otxandioko jaiak

"Jaietako txupinazoa botatzeko ilusioz gaude"

Aitziber Basauri 2025ko uzt. 17a, 08:54

Hiru hamarkadatik gora dira danborrada berreskuratu zutela Otxandion. Amaia Izarzugaza, Leire Axpe, Sonia Lopez, Rakel Gallastegi eta Amaia Ajuriagerra dira hain errotuta dagoen ekimenaren arduradunak. Izarzugazak erantzun die ANBOTOren galderei.

Zelan hartu duzue txupinazioa botatzeko gonbidapena?
Ilusioz hartu dugu, lotsa apur bat ere ematen digun arren. Momentu hori nahiko kritikoa izaten da guretzat. Txupina bota eta segiduan hasten da danborrada, eta urduri egoten gara. Taldeak prestatzen, gaztetxoei laguntzen... ibiltzen gara. Baina, ilusioz gaude.

Zenbat urte daramatzazue Otxandion danborrada antolatzen?
Jakin badakigu 70eko hamarkadan egiten zutela danborrada, eta urteetako etenaldiaren ostean, berreskuratu egin zuten. Hortaz, badira 35 urte baino gehiago. Ordudanik daramat antolakuntza taldean; lehenengo urteetan laguntzaile moduan. 

Pregoian zer esango duzuen aurreratzerik baduzu?
Urte hauetan guztietan Otxandioko danborradan parte hartu duten denei eskerrak emateko aprobetxatuko dugu, batez ere. Ondo pasatzeko eta jaiak disfrutatzeko gonbita ere egingo dugu, jakina. Pregoi laburra izango da. Bestela, plazan zain dauden umeak urduri ipiniko dira, danborrada hasteko gogoz egongo dira-eta. 

Zenbat lagunek parte hartzen dute? 
Iaz 150 bat lagunek parte hartu zuten; eta, aurten, 130 inguru izango dira. Gaztetxoenek 3-6 urte dituzte, eta gurasoen ardurapean joaten dira. Hortik aurrera ez dago adin mugarik. Udal Musika Bandak lagunduta egiten dugu kalejira. 

Noiz hasi zenituzten entseguak? Igartzen da jai giro usaina?
Igartzen da, bai! Uztail hasieran hasten gara entseguekin. Dena den, seguru dena ondo joango dela. Gehienak errepikatzaileak dira, urtero parte hartzen dute.  Bada,  dagoeneko ezagutzen dituzte abestiak. Tatiago, San Sebastian Martxa, Diana, Iriarena eta Katalintxu jotzen ditugu. Iaz gehitu genuen, Katalintxu, Kepa Pinedo Udal Bandako zuzendariak egokitu ondoren.

Aurtengoa berezia izango da?
Txupinazoa botatzea berezia da bai antolatzaileontzat, bai parte-hartzaileentzat. Dena den, urtero lez egingo dugu kalejira. Akaso urduriago, ardura handiagoagaz!

Santamañetako zeintzu ekitaldi nabarmenduko zenituzke? Zein izango da zure plana aurten?
Ekitaldi bat nabarmentzea gatxa da. Jaietako giro herrikoia eta herritarren parte hartzea azpimarratuko nituzke. Txupina botata eta danborradagaz hasiko ditut jaiak. Gero, ahalik eta ekintza gehienetan parte hartzea eta lagunekin eta familiagaz disfrutatzea da nire plana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!