Ados Pilotak antolatutako Etxeko Memoriala Bertso Pilota Txapelketaren finala azkenera heltzear da. Finala domekan jokatuko da, Zestoan, eta protagonista bat Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra izango da.
Ohiko moldetik irteten den txapelketa da arrazoi bigatik: taldeka lehiatzen dira eta pilota bertsolaritzarekin uztartzen du. Talde bakoitza hiru pilotarik eta bertsolari batek osatzen dute. Azken honek botillero lanak egiten ditu bertsoen bidez.
Zestoako finala Mitxoleta eta Bitxiloreak taldeen artekoa da. Ruiz de Infante Mitxoleta taldekoa da Leire Oskozekin, Amaia Arrastiarekin eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariarekin batera. Bitxiloreak taldea Naroa Agirre, Leire Galdeano eta Iera Iturriaga pilotariek, eta Sebastian Lizaso bertsolariak osatzen dute.
Estrategia aldaketa finalera begira
Torneoko azken jardunaldia 2-0 irabazteak "konfiantza handia" eman die eta finala "irabazteko aukerak" ikusten ditu Ruiz de Infantek. Baina badaki erronka "gogorra" dutela aurretik. Ligaxkan elkarren kontra jokatutako jardunaldian bi partiduak galdu zituzten. Orduan lau eta erdian aritu zen otxandiarra. Finalera begira piezak mugitzea erabaki dute. Ruiz de Infante binaka arituko da eta Oskozek jokatu du kaiolakoa, azken jardunaldian "sekulakoa partidua" jokatu zuelako lau eta erdian.
Pozik aurtengo denboraldiagaz
Orain arteko denboraldiagaz pozik dago aurrelari otxandiarra. Abendutik martxora Binakako Txapelketa Nagusian aritu zen, 2024an irabazitako txapela defendatzen. Orbegozo eta biak finalerdiak arte heldu ziren. Ez du iazkoa errepikatzerik lortu, baina gustura dago egindako lanagaz. "Txapelketa oso ona jokatu dugu. Bigarren sailkatu ginen ligaxkan partidu oso onak jokatuz eta bigarren itzulian lider zirenei irabazita", gogoratu du.
Iluntxo pelota elkartean 44 ume
Pilotari gazteak trebatzen ere badihardu Ruiz de Infantek. Iaztik, Otxandioko Iluntxo pilota elkarteko entrenatzailea da eta "ilusio handiz" dabil. Elkartea eraberritu eta biziberritu egin da azken aldian eta gaur egun 44 ume dituzte; euretako 13 neskak dira. Aurten beste aurrerapauso bat eman dute Eskola Kiroleko torneoetara itzulita. Horrela, herritik irten eta Bizkaia osotik ibili dira partiduak jokatzen.