Aritz Otxandianok (Otxandio, 1979) Bluesky sare sozialean deskribatu du bart, 01:00 inguruan, gertatutakoa. "Gure etxearen kontra bi bengala jaurti dituzte. Testiguen arabera 7-10 lagun izan ziren, eta bik kotxe ezberdinetan ihes egin zuten". Aurretik ere "mehatxuak" eta "pintadak" jasan dituela kontatu du, baina ez atzo moduko gertaerarik. "Nire familiaren aurka modu honetara eraso egiteak muga guztiak gainditzen dituela iruditzen zait".
Erasoen atzean berriztagarrien inguruan duen postura dagoela susmatzen du. Hala ere, gai honetan duen posizioari "konbikzio osoz" eusten jarraitzeko asmoa du. Otxandianoren ustez, "Trump-en kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba".
Aritz Otxandiano Fagor Taldearen iraunkortasunerako arduraduna da eta Otxandioko alkatea izan zen 2003-2011 epealdian. Pello Otxandiano anaia du, azken hauteskundeetan Gasteizko Legebiltzarrerako EH Bilduren lehendakarigaia.