Otxandioko Udalak Migrazio eta Elkarbizitza Plana landuko du. Horren barruan, datozen urteei begira garatu beharreko lan ildoak zehazteko diagnosia egingo da. Otxandioko errealitatearen argazki ahalik eta zehatzena lortu gura dute, Egoitz Garmendia alkateak azaldu duenez. Diagnosia egiteko eta plana garatzeko ardura, Elhuyar Aholkularitza taldeari eman dio udalak. Horretarako, 17.000 euroko aurrekontua izango dute. Otxandioko biztanleriaren %14 baino gehiagok atzerriko jatorria du.
Udala, Hamaika Lore elkartea eta Elhuyar Aholkularitza ordezkatuko dituen talde eragileak bultzatuko du Migrazio eta Elkarbizitza plana. Martxoan hasi eta irailera bitartean, bost batzar egingo dituzte. Lehenengoa datorren martxoaren 20an.
Datu kuantitatibo eta kualitatiboak
Datu kuantitatiboak batu ondoren, bakarkako eta taldekako elkarrizketak egingo dituzte; atzerritik
herrira etorritako bizilagunei, eta bertakoei ere bai. Maiatzerako datu kuantitatibo eta kualitatibo guztiak batuta izatea
aurreikusi dute, Egoitz Garmendia alkateak azaldu duenez. Hartara, kontraste saioak hasiko dituzte ekarpenak jasotzeko.
Kultur Kontseiluan, Kirol Kontseiluan, udalean eta Haur Kontseiluan egingo dituzte, uztailera bitartean. "Migrazioagaz eta elkarbizitzagaz lotuta, herri lez ditugun erronkak definitu eta lehentasunak zehaztuko ditugu", esan du Garmendiak. Irailerako diagnosia eginda eta aurrera begirako lan ildo nagusiak zehaztuta egotea aurreikusi dute. Batzar zabal bat egingo
dute aurkezpena egiteko.
Helburuak
"Otxandiora atzerritik etorri diren herritarren egoera zein den aztertzea, esku-hartze lerro desberdinak identifikatzea eta aurrera begira elkarrekin plangintza bat egitea". Horrexek dira helburuak, Garmendiaren berbetan. Izan ere, "atzerritik etorri diren herritarrak Otxandioko herri nortasunaren eraikuntza prozesuan parte hartzea gura dugu. Hartara, otxandiarren arteko koesioa, elkarezagutza eta herri dinamika indartuz". Gaineratu duenez, "bakoitzak bere aldetik landu du gaia orain arte. Ba, etorkizuneko erronkei amankomunean heldu eta prozesu serio bat abiatzeko premia ikusi dugu".