Otxandion euskaraz bizitzea eta etorkizuneko erronkei erantzutea helburu moduan hartuta, AROA plana diseinatu dute Otxandion. Udalak, AIRATU euskalgintza taldeak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta herritarrek parte hartu dute euskararen erabileran eragin gura duen planaren diseinuan. Udalak hurrengo udalbatzarrean onartuko du UEMAk landu duen dokumentua. Aurretik saioetan parte hartu duten herritarrekin partekatuko dute.
Azaro bukaeran, euskararen ezagutza eta erabilerari buruz herritarrek duten iritzia jaso zuten, inkesta baten bitartez. Eta galdeketa horren emaitzak partekatzeko lehen lan saio bat antolatu zuten abenduan; euskararen ezagutza eta erabilera datuak ere partekatu zituzten bertan. Hori guztia kontutan hartuta, lan ildo nagusiak zehazteko beste bi saio egin zituzten. EUSTAT-en arabera, herritarren %74,2 ziren euskaldunak 2021ean; ia euskaldunak %10,2 eta euskaraz ez dakitenak %15,6. Kale erabilera, ostera, %53,1ekoa zen.
Kirol esparruan, eta, merkataritza eta ostalaritzan atzeman dituzte hutsune handienak, egindako lan saioetan. Era berean, kontzientziazioan lan egin behar dela ondorioztatu dute, Maider Arejolaleiba zinegotziaren berbetan. "Sare sozialek eta telebistak duten eragina nabarmena da eta prestigiodun erreferentzien falta dagoela ikusi izan dugu". Hainbat lan arlo zehaztu dituzte datozen urteetan indarrean egongo den AROA planean: Gobernantza, Jarrera eta motibazioa, Ezagutza eta gaitasuna, Erabilera eta elkareragiba eta Komunikazioa, besteak beste. Arlo bakoitzean eragiteko hainbat ekintza zehatz batzen ditu planak.