Hain zuzen ere, Sorginestrada kalea eta zine zaharreko orubetik Ospital kalerainoko tartea urbanizatuko dute. Bestalde, zine zaharreko orubean egingo dituzten hamar etxebizitza dotazionaletara oinarrizko instalazioak eramango dituzte. Urbanizatze lanak amaitzeko, lau hilabete beharko dira, eta 250.959 euroko inbertsioa eskatuko dute, udal arduradunek jakinarazi dutenez. Udalak Ekin Eraikin enpresari lizitatu zizkion lanak, joan zen urrian.
Gazteek alokairuan hartzeko etxebizitzak izango dira zine zaharraren orubean eraikiko dituztenak. Eusko Jaurlaritzak eraikiko ditu (1.818.000 euro) eta eraikinaren beheko solairua Otxandioko Udalaren esku geratuko da, etorkizunean anbulatorio berria eraikitzeko bertan. Halaxe jasotzen du administrazio biek joan zen ekainean sinatu zuten zine zaharreko orubearen lagapen hitzarmenak. Lanak uda honetan hastea aurreikusi dute.
Etxebizitza Sailak etxebizitzak eraiki ondoren hasiko du udalak Sorginestrada, Udaletxe eta Elixoste kaleak urbanizatzeko proiektuaren bigarren fasea. Orduan ekingo diote anbulatorio berria egokitzeko egitasmoari ere, udal arduradunek azaldu dutenez.