Gabonetako azokak 24 ekoizle eta 14 artisau batuko ditu Otxandion

Anboto 2024ko abe. 13a, 11:00

Argazkia: Otxandioko Udala

Gabonetako azoka egingo dute domekan Otxandion. Guztira, 24 ekoizle eta 14 artisau batuko dira plaza nagusian ipiniko dituzten erakustokietan.

Barazkiak, ogia, zukuak, marmelada, gazta... baserriko askotariko produktuak erakutsi eta salduko dituzte bertan, 10:00etatik 15:00etara bitartean. Horrez gainera, Aretxabaletako Iker Gabilondok garai bateko errementarien lana erakutsiko du. 

Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdiak ikusteko aukera ere egongo da. Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Hodei Ezpeleta, Eneko Otaño eta Ibai Soroa arituko dira. Saioa 12:00etan hasiko da. Era berean, Binakako Aizkolari Kopa jokatuko dute, bai gazte mailan bai emakumeen mailan: Oier Mitxelena eta Aitor Saralegi Isidro Velascoren eta Kimetz Alzolaren aurka arituko dira; eta Laiene Pikabea eta Oihane Fernandez de Barrena Nerea Sorondoren eta Irati Astondoaren kontra. Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza Binakako Harrijasotze Kopan lehiatuko dira. Urbiribil dultzainero taldeak berotuko du jai giroa, eguerdian hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!