Zapatuan ibilaldia egingo dute Otxandioren izaera ezagutzeko

Aitziber Basauri 2024ko urr. 18a, 10:59

Otxandioko plaza

Udalak eta Gerediaga elkarteak ibilaldi gidatua antolatu dute, Europako Ondare Jardunaldien barruan

Bidea, muga eta uria izenburupean, ibilaldi gidatua egingo dute Otxandion, udalak eta Gerediaga elkarteak antolatuta. Europako Ondare Jardunaldien barruko jarduera da eta zapatuan izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, Otxandioren sorrera ulertzeko, kokapena ezagutu behar da lehenengo: Bizkaiko mugaren ertzean, bidearen barruan dago kokatuta. Horregaitik, errepidea da Otxandioko bizkarrezurra eta zaina. Hori ardatz hartuta ekingo diote ibilbideari, 17:00etan, San Roke ermitan, mugak eta bideak hortxe egiten dute topo eta.

Aduana Zaharretik igarota, Uribarrena zeharkatu eta Ospitaleraino joango dira. Ostatu ematen zuten han, uriaren eta bidearen aldamenean. Ondoren, Santa Marina elizarako bidea hartuko dute, dauden eraikinek eta orduko instituzioek izan zuten garrantzia ulertzeko. Plaza, udaletxea, frontoia eta pasealekua igaro eta gero, Artekaletik Andikona plazara joan eta Urigoienatik jarraituko dute. Muga-gurutzetik San Antonio ermitara helduko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!