Artzain tradizioko familia da zuena. Horrek jakinduria eman dizue?
Jakinduria baino gehiago, formakuntza izan da gurea. Martin anaiak hartu zuen lekukoa lehenengo. Nik biologia ikasketak egin nituen, eta irakaskuntzan ibili eta gero, EHNE sindikatuan lan egin nuen, zazpi urtez. Artzainaren mundua erakargarria izatea lotu dela esango nuke, belaunaldi erreleboa egon da eta. Artzai Gazta elkartean 120 bat kide gara, eta kideon batez besteko adina 40 urtetik beherakoa da. Horrek ez du esan gura erreleboa bermatuta dagoenik, lanean jarraitu behar da, baina lehen sektorean hau ez da ohikoa. Idiazabal oso tresna ona izan da irudi positibo bat emateko, produktu ona eta ustiategi errentagarriak sortzeko.
Ingurumenagaz jasangarria den proiektua da zuena.
Orain 25 urte erabaki genuen Amazonia suntsitzen ez jarraitzea. Ba, soja erabiltzeari utzi genion eta Arabako baserritarrek ekoizturiko ilarrekin eta kolzagaz gu geu hasi ginen pentsua egiten. Energetikoki autosufizienteak izatea ere lortu dugu.
Horretan aritu zarete azken urteetan.
Bai. Gaztandegia guztiz deskarbonizatzea lortu dugu aurten, Latxa Energy eta Gazta Energy kooperazio proiektuen laguntzagaz. Gaztandegiaren teilatuan —1.000 metro karratu ditu— eguzki plakak ipini genituen orain bost-sei urte. Bertan produzitutako energiaren soberakinagaz 1.000 litroko ur depositoa berotzen dugu, gero gazta egiteko. 2024ko produkzio osoa horrela egin dugu.
Ekonomia zirkularra bultzatzen duzue.
Ez dugu ezer asmatu. Horrela egin da beti baserrietan. Ez dugu hondakinik botatzen, plastikoa salbu. Horixe da orain erronka.
Ardi moztailea ere bazara.
Bai, ardi moztaile profesional batek erakutsi zidan teknika, eta gustura nabil. Lasai hartzen dut, paliza handirik hartu barik. Artilea konposta egiteko erabiltzen dugu.
Zer du Idiazabal gaztak berezi?
Amama Anizetak egiten zuen eran jakin dugu gazta egiten, berak erakutsi lez. Lehendik zegoen produktua, ezaugarri eta egiteko modu zehatzak dituena, hobetzen joan gara teknologiari eskerrak. Transmisio hori emakumeei eskerrak mantendu da.
Artzai Gazta elkartearen bitartez eta Bizkaiko komertzio txikietan saltzen duzue. Baina, baduzue beste salmenta bide bat.
Bai, ekoizpenaren %15-20 hartzen du eta oso pozgarria da guretzat. Zenbait ikastetxetan gure gazta saltzen dute, ikasbidaiarako dirua batzeko: Durangoko Kurutziagan, Iurretako Juan Orobiogoitian, Elorrioko eta Abetxukoko institutuetan, Bilboko Urretxindorra ikastolan eta Eibarko zentro batean. Gabon inguruan, Idiazabal gaztaren sare komertzialik handiena dugu, 300 bat familiak osaturikoa.