“Asko gozatzen nabil pilotan, bai partiduetan eta baita entrenamenduetan ere"

Anboto 2024ko api. 26a, 09:30

Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak (2001) Ados elkartearen binakako pilota txapelketa irabazi berri du Leire Galeanogaz batera. Antzuolan jokaturiko finalean 22-17 menderatu zituzten Maddi Barrocal eta Naroa Agirre .

Joan zen zapatuan, Antzuolako pilotalekua lepo bete zen finala ikusteko, eta pilotariek ez zioten ikusminari hutsik egin. Oso final gogor eta orekatua jokatu zuten. Hamar berdinketa izan ziren. Irabazleek 15nako berdinketaren ondoren hartu zuten erabakiorra izango zen aldetxoa. 

Final gogorra jokatu zenuten. Hamar berdinketa izan ziren partiduan zehar. 
Oso partidu gogorra izan zen, tentsio handikoa. Eurak erasokorrago hasi zirela esango nuke eta gu piloteoan eusten ahalegindu ginen. Berdinketa asko egon zen, bai. Asko jota, tanto biko edo hiruko aldea egon zen batzuon edo besteon alde. 15nakoan izan zen azken berdinketa. Orduan apurtu zen partidua apur bat. Jokoan gehiago sartzen ahalegindu nintzen eta sakean ere asmatu nuen. 

Hain partidu gogorra jokatuta, nekea faktore bat izan zen?
Ez nuke esango. Nire ustez, alde batetik, aurkariek hutsegiteak egin zituzten arriskatzerakoan. Gu, ostera, partiduan gehiago sartu ginen eta tantoak egiteak konfiantza eman zigun. 

Ligaxkan beste birritan jokatuta zeundeten euren kontra: lehenengoa ozta-ozta galdu eta bigarrena irabazi. Aurkariak ezagutzeak lagundu egin zizuen finalera begira?
Dudarik barik. Bai eurek eta bai guk bagenekien zelan jokatu behar genuen. Ligaxkan, lehenengo partidua 22-21 galdu genuen eta halako final gogorra espero genuen. Orduan hutsegite gehiago egin genuelako galdu genuen. Bigarrena errazago irabazi genuen, baina Naroa Agirrek eskuetako min handia izan zuen eta partidu hartan faktore erabakiorra izan zen. 

Laugarren tokian sailkatu zineten azken fasera. Ez zineten faborito izango, beharbada, baina sasoi egokian heldu zarete. 
Bai. Azkenean hain txapelketa luzea esperientzia berri bat izan da. Pentsa, abenduan hasi ginen. Leirek eta biok elkarregaz jokatzen genuen lehenengo txapelketa zen. Zerotik hasi ginen. Baina txapelketa luzea izateak sarritan elkarregaz entrenatzeko eta partidurik partidu bikote lez sendotzeko aukera eskaini digu. Garapena emaitzei begiratuta ikusten da. Lehenengo itzulian galduriko partidu kopurua irabazi egin dugu  bigarren itzulian, eta galdurikoak gutxigaitik galdu ditugu. Azkenerako, oso ondo elkar hartu dugu. 

Antzuolako pilotalekua lepo bete zen finalak ikusteko, tartean etxeko edo gertuko pilotariak zeudelako ere bai. Esaterako, Galeano antzuolarra da. Edozelan ere, pozgarria da finalak ikusmina eragitea.
Bai, jakina. Ikusmin handia zegoen, Leire antzuolarra izan zein ez. Otxandiotik ere joan zen jendea. Gainera, sarrera ez zen doakoa. Ligaxkakoak bost euro izan dira eta finalekoa hamar. Eta, hala ere, bete egin zen. Sarrerak salgai ipintzeak eta zaleek ondo erantzuteak nabarmendu egiten du Ados elkarteak kirol ikuspegitik ez ezik berdintasunaren bidean ere eginiko apustua. 

Korrika Otxandiotik pasatu zen egunean ligaxkako partidu bat Otxandion bertan jokatu zenuen. Zelan gogoratzen duzu?
Oso egun polita izan zen, eta apur bat estresagarria ere bai. Izan ere, orain Otxandioko Iluntxo pilota elkarteko arduraduna naiz eta gure partiduaren aurretik eskolako neskek partiduak jokatu behar zituzten. Haiek antolatzen ibili nintzen nire neba Asierren eta elkarteko guraso batzuen laguntzagaz. Egun haren oso gomuta onak ditut, gure partidua galdu arren. Frontoian jende asko batu zen, Korrika ere bazetorren…

Zu zeu zelan zauden orain? Joko aldetik, konfiantza aldetik…
Finalean ez nuen hainbeste gozatu. Pilotari erasokorra naiz eta ez nuen neure jokoa gehiegi erabili. Baina final bat ere bazen. Txapelketa honetan, tantoa lantzearen garrantzia ikasi dut, horrela sortzen direlako zuloak kantxan. Nire helburua ahalik eta tantorik gutxien galtzea zen, ze ligaxkan galdu ditugun partidu asko hutsengaitik izan dira. Finala alde batera utzita, aspaldian asko gozatzen nabil pilotan, bai entrenamenduetan eta baita partiduetan ere. Oraindino badut zer ikasi, baina txapelketa honetan neure onena eman dut eta ea horrela jarraitzen dudan. 

Iaz San Fermin Torneoa irabazi zenuen, eta aurten binakakoa. Bada zerbait.
Nire helburua urtean txapel bat lortzea izaten da, berdin dio zein txapelketakoa. Orain gutxi, Ados elkartean coaching formakuntzagaz hasi ginen Asier Arteagagaz, eta niri behintzat asko lagundu dit. Gauzei beste ikuspuntu bat ematen lagundu dit. Txapela irabazita oso pozik nago, jakina, baina galduta ere pozik egongo nintzen finalera heltzearren. 

Hiru urte joan dira Ados sortu zenetik. Geroago eta egitura finkatuagoa duela esango zenuke?
Bai. Bizitzan beste arlo guztietan lez, hasiera ez da erraza izaten eta apurka-apurka joan behar da. Urtetik urtera berrikuntza asko ekarri dituzte txapelketa guztietan. Esaterako, binakako honetan joan-etorriko jardunaldiak egon dira, inoiz baino gehiago, 34 udalekin batera antolatutakoak.  Oso nabarmentzeko pausoa da. Lan izugarria egin dute. Baina ez txapelketen arloan bakarrik, baita pilotarion profesionaltasunean ere. Profesionalen lez prestatzen saiatzen gara fisikoki, mentalki , teknikoki, nutrizioari dagokionez… Baita harrobia lantzerako orduan ere. 

Coaching-a edo trebakuntza aipatu duzu. Zer onura ekarri dizu?
Niri asko lagundu dit. Ez pilotarako bakarrik, baita bizitzarako ere. Gauzak hartzeko moduan, eguneroko lanari garrantzia emateko orduan… Ez dut uste txapelketa hau coaching edo trebakuntzagaitik irabazi dudanik, baina bidelagun izan dut. Esan dudan moduan, une honetan asko gozatzen nabil pilotan nahiz bizitzan, eta, neurri batean, Asier Arteagagaz izandako trebakuntza horren ondorioa da. 

Aurrera begira, zer asmo duzu?
Aste bi barru edo, Adoseko beste txapelketa bat hasiko dugu: Udaberriko Txapelketa. Binaka eta lau eta erdian arituko gara. Iaz asko ibili nintzen lau eta erdian. Kaiolan aritzea egokitzen bazait, iazko maila ematea izango dut helburu. Gero hitzordu gehiago etorriko dira.

Iaz eginiko elkarrizketan aipatu zenuen ikasketak amaitzerakoan Otxandioko Iluntxo pilota eskolari lagundu gura zeniola. Esan eta egin. Eskolako arduraduna zara. Zelakoa da Iluntxoren egoera?
Ikasketak amaitu eta gero, Otxandioko pilota eskolari laguntzea zen nire asmoetariko bat. Azkenean, urte batzuetan nire belaunaldiko pilotariek ez dute herrian pilotan aritzeko aukerarik izan. Gero, Javi Axpek eta Beñat Gorospek gazteak entrenatzeko eta txapelketak antolatzen jarraitzeko ardura hartu zuten. Eta orain nik neure ekarpena egiteko aukera dut. Oso pozik gabiltza. Nire neba ere pilotaria da eta gazteen entrenatzaile gabiltza biok. Gaur egun 37 ume ditugu, euretariko 12 neskak. Nire garaian neskarik bakarrenetarikoa nintzen, eta orain hainbeste izatea oso pozgarria da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!