Ainhoa Ruiz de Infantek binakako finala jokatuko du zapatuan, Antzuolako pilotalekuan

Anboto 2024ko api. 18a, 13:48
Ainhoa Ruiz de Infante —eskuman— Antzuolako pilotalekuan, finaleko aurkezpenean. (Argazkia: Ados pilota)

Pilotari otxandiarra Leire Galeano antzuolarragaz batera lehiatuko da, Maddi Berrocal bergararrak eta Naroa Agirre zestoarrak osaturiko bikotearen kontra.

Ainhoa Ruiz de Infantek Ados txapelketako binakako finala jokatuko du zapatuan, Antzuolan (Gipuzkoa). Pilotari otxandiarra Leire Galeano antzuolarragaz osatuko du bikotea. Maddi Berrocal bergararra eta Naroa Agirre zestoarra izango dituzte kontrario. Bikote biak lehen mailako txapela eskuratzeko borrokan ibiliko dira.

Euren partida jokatu baino lehenago, promozio mailako finala jokatuko da. Aizane Ibarrolak eta Nahia Vertizek Natale Aranbururen eta Amaia Arrastiaren aurka jokatuko dute finala. Partiduak 18:00etan hasiko dira.

Ados pilota elkarteak abenduaren erdialdean aurkeztu zuen binakako txapelketa nagusia. Ordutik hona, promozio mailan lau bikote eta lehen mailan zazpi ibili dira lehian txapela eskuratzeko.

Finalerako sarrerak LOTURA HONETAN eskuratu daitezke 10 eurotan. Finalaren egunean ere salgai egongo dira Antzuolako pilotalekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!