Bandak tradizio luzea du. Hiru mende ezagutu ditu, modu batera edo bestera. Esaterako, Aingeru Berguices musikari eta ikertzaileak (Bilbo, 1957-Galdakoa, 2022) 2016an aurkezturiko doktore tesi batean, Otxandioko Udal Bandaren XIX. mendeko erreferentzia bat baino gehiago ageri da; besteak beste, 1856an Urkiolako erromerian parte hartu zuenekoa. Harrezkero, oparotasunean batzuetan eta gerrikoa estututa besteetan, musikari eta zuzendari askok luzaroan eginiko lan handiari eskerrak heldu da gaur egunera. Azken loraldia Kepa Pinedo musika zuzendari eta irakasle gasteiztarraren gidaritzapean heldu da. Carmelo Bernaola konpositore handiaren (Otxandio, 1929-2002) ikasle izandakoari 2017an eskaini zioten bandaren zuzendaritza hartzea, aurretik zegoena jubilatu zenetik zuzendaririk barik zeuden eta. Urte hartan Otxandion hasitako Korrikaren harira antolaturiko kontzertua zuzendu ondoren egin zioten eskaintza. "Baietz esan nuen, oso pozik gainera", gogoratu du Pinedok. Orduan, udal bandak bederatzi musikari zituen eta apurka-apurka jende berria batzen joan zen. Gaur egun 15 bat kidek osatzen dute Otxandiko Udal Banda, eta gustura dabiltza.
Hainbat ume
Kide batzuk gazte-gazteak dira. Zelan batu ziren hauek taldera? Sorburua Otxandioko Udalak Arratiako Musika Eskolagaz duen hitzarmenean dago. Horri eskerrak, herrian bertan askotariko musika-tresnak jotzen ikasteko aukera zabaldu zen, eta hainbat umek eman zuen izena. Ondoren, 2021ean, udal bandagaz entseguetara joaten hasi ziren. Gaur egun, 9tik 12 urtera arteko bost gaztetxo dituzte: tronpetari bi, saxofonista altu eta klarinetista bana, eta perkusionista bat. 16 urteko klarinetista bat ere badabil.
Kontzertu propioak
Urtean zehar, herriko ekintza askotan parte hartzen dute: inauterietako desfilean, Santamaña jaietan, musikaren egunean, Gabon gauean… Jai giroa non, Otxandioko Udal Banda han. 2021ean, bandaren ibilbidean pauso inportante bat eman zuten, kontzertuak jotzen hasita. Urtean bat edo bi antolatzen dituzte. Azkena otsail hasieran izan zen, Santa Marina elizan. "Jende asko batu zen eta pozik gaude", dio Pinedok.
Errepertorioan ere igarri daiteke Pinedoren eragina. Batetik, tradizioa eusteari "inportantea" deritzo. "Otxandion historia luzea dugu eta zaindu behar dugun ondarea da", azpimarratu du. Baina, bestetik, garaikideagoa den musikari ere egiten diote tokia, hala nola rock and roll eta jazz doinuei. "Carmelo Bernaolak musika garaikidea egiten zuen eta betidanik gustatu zait. Gainera, ikus-entzuleek eskertu egiten dute horrelako sorpresatxoak", dio. Esaterako, Bryam Adams-en Everything I do, I do it for you abestia jo zuten otsaileko kontzertuan. Atea zabalik dute kide berrientzat. Pinedok unean-uneko taldekide kopurura moldatzen du musika. "Partiturak apur bat moldatuta lortzen da taldea orekatzea. Ez da arazo handia", argitu du.