Elizosteko urbanizazioa eta biomasa bidezko berokuntza, Otxandioko inbertsio nagusien artean

Anboto 2024ko urt. 16a, 10:00

Abendu amaieran, 2024ari begirako aurrekontuak onartu zituzten Otxandion. Aho batez onartu zituzten, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin.

Zenbateko osoa 3.178.665 eurokoa da. Inbertsioen atalean bi nabarmentzen dira besteen gainetik, zenbatekoari erreparatuta. Alde batetik, 115.000 euroko diru atala gorde dute Elizoste inguruko urbanizazioaren lehenengo fasea egiteko. Hain zuzen ere, Sorginestrada kalea eta Zine Zaharreko orubetik Ospital kalera dagoen tartea urbanizatuko dute, etxebizitzen blokearen obra datorren urteko bigarren zatian hastea aurreikusten dutelako. Elizosteko urbanizazioaren hurrengo faseak etxebizitza blokeen eraikuntza amaitzen denerako uzteko asmoa dute. Beste inbertsio handi bat eraikin publikoak diren udaletxe, gaztetxe eta nagusien egoitzako berokuntza sistema aldatzea da, jasangarriagoa den biomasa bidezko bategaitik. Proiektu hori egiteko, 301.000 euroko diru atala gorde dute aurrekontuetan.

Aurten gauzatu gura dituzten beste hainbat inbertsio ere badaude, zenbateko txikiagokoak. Esaterako, 20.000 euro gorde dituzte eremu industrialeko partzela batean komunitate energetikoak behar dituen azpiegiturak egiteko. Aurreko urteetan legez, aurten ere merkataritza sustatzen jarraituko dute, 25.000 euroko atalagaz. Beste inbertsio bi honako hauek dira: kultur ekipamenduak erostea (17.000 euro) eta lurretako inbertsioak egitea (30.000 euro).

Diru laguntzen barrukoak
Inbertsioetan, hiru diru atali loturiko proiektuak egitea diru laguntzen menpe dago: laguntzak lortzen badira aurrera eramango dira, eta bestela ez. Hiru egitasmoetarako diru laguntzak eskatuta daudela zehaztu du Egoitz Garmendia alkateak. Proiektuetariko bat udaletxean igogailua egitea da (97.000 euro). Bigarren proiektua herri argiteria aldatzea da, efizienteagoak diren argiekin (35.000 euro). Azkenik, Otxandioko eskolako leihoak ere aldatu gura lituzkete, 35.000 eurogaz.

Inbertsioen ataletik kanporako diru kontuei dagokienez, kultur jarduerak sustatzeko diru atala eta euskararen arlokoa, besteak beste, handitu egin dituzte, udaleko arduradunek zehaztu dutenez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!