“Nire ustez, aurrera begira liburuak bizirik iraungo du, baina beste formatu batzuekin elkarbizitzan”

Aritz Maldonado 2023ko abe. 23a, 10:30

Egutegi baten egituran, Xabier Olaso otxandiarrak 365 igarkizun jaso ditu Mihi-puntaren puntan liburu berrian, egun bakoitzeko bat, hilabete eta urtaroetan banatuta. Beraz, urte zaharra errepasatu eta berriari ongi etorria emateko egun hauetan, jolasteko eta ikasteko liburua dakar Olasok.

Igarkizunak dira liburu berriaren ardatza. Zergaitik?
Bai, halaxe da, igarkizunek liburua alderik alde betetzen dute. Zaletasun handia daukat igarkizunak egiteko, aspalditik, eta sormen ariketa guztiz aberasgarria eta dibertigarria iruditzen zait. Benetan gozatzen dut irakurlea zelan nahaspilatuko dudan pentsatzen, eta erantzun zuzena ezkutatzen. Mezuak itxuraldatzen eta esaldiak mozorrotzen ibiltzea ariketa eder-ederra da niretzat. Liburu hau nire hirugarren igarkizun liburua da (aurrekoak Auskalo! eta Nik papaita, zuk papaita), eta dagoeneko 1.200 igarkizun inguru ditut argitara emanda.

Zelan dago antolatuta liburua?
Egutegi baten egitura du; hamabi hilabeteak ageri dira eta urteko 365 egunak. Egun bakoitzerako igarkizun bat sortu dut. Bestalde, liburuaren amaieran, familian edo eskolan igarkizunekin jolasteko proposamen bi ageri dira, dinamika erraz bi, ondo pasatzeko modukoak.

Ikasi daiteke jolasaren bitartez?
Jakina, zalantzarik barik; eta ikasi bakarrik ez, jolasaren bitartez haurrek besteekiko loturak garatu eta hartu-emanak sendotzen dituzte. Jolasaren bitartez partekatzen ikasiko dute, arauak barneratzen dituzte eta sortzen diren arazoak konpontzen dituzte, besteak beste. Jolasa ikasteko berezko modu bat da eta igarkizunen jolasa ondo baino hobeto bateratzen da ideia horregaz.

Zelan Higinia Gray ilustratzaileagaz lanean?
Oso ondo, egia esan. Poz-pozik geratu naiz berak eginiko lanagaz. Berari ere gustatu zitzaion liburuko igarkizunen estiloa eta hori ere garrantzitsua izan zen, lehenengo momentutik liburuagaz ederto konektatu zuelako. Lan handia egin du; igarkizunak eta ilustrazioak elkarren osagarri egokiak dira eta liburua ederto apainduta geratu da berak eginiko ilustrazio txikiekin. 200 baino gehiago egin ditu. Denak irudikatzaileak eta oso irudimentsuak direla uste dut.

Pantailak nagusi diren garaiotan, uste duzu liburuek badutela etorkizunik? Eta umeen kasuan, zein izango da gakoa liburuetara erakartzeko?
Azken hamarkadetan jaio diren pertsonak jatorriz digitalak dira eta pantailari lotuta hazi eta hezi dira, horixe dute lehenengo erreferentzia, eta paperak eta liburuak arrotzak zaizkie. Liburuen salmentak azken bost urteotan gora egin duela ere entzun dut, pandemian jende asko irakurketari lotu zitzaiola, eta hartara liburuen igoera nabarmena izan zela. Paradoxikoa da.

Nire ustez, aurrera begira liburuak bizirik iraungo du, baina beste formatu batzuekin batera elkarbizitzan. Argitaletxeek irakurtzeko modu berriak asmatuko dituzte, seguruenik. Paperezko liburua liburu digitalekin eta asmatuko diren bestelako formatuekin elkarbizitzan ikusten dut. Horixe izango da gakoa umeak liburuetara erakartzeko. Edozelan ere, erronka gatxa izango da. 

Baduzu beste proiekturik buruan? Zer zabiltza idazten orain?
Aspaldian helduentzat idatzita nuen mikro ipuin bilduma bat berreskuratu dut nire mesanotxetik, eta aspaldi honetan horri lotuta nago, testuak berridazten, zuzentzen, biribiltzen... itzulpenen bat edo beste ere tartekatu zait. Edozelan ere, literaturari lotuta nago, pasioz eta gogotsu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!