Otxandioko Udalak alokairuan diruz lagunduko dio komertzio bat hartu edo berria zabaltzen duenari

Joseba Derteano 2023ko abe. 13a, 10:35
Komertzioetariko batzuk Artekale kalean daude.

Baldintzak betetzen dituztenek 400 eurora arteko laguntza jasoko dute 24 hilabetean lokaleko alokairua ordaintzeko. 

Otxandioko arraindegi batek ateak itxi ditu. Abenduan beste hainbeste gertatuko da okindegi bategaz, eta udaberrian harategi bateko arduraduna jubilatu egingo da. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik, geroago eta komertzio gutxiago dago Otxandion, beste herri txiki askotan gertatzen den moduan. "Herri txikiek duten erronkarik handienetariko bat zerbitzu horiei eustea da", dio Egoitz Garmendia alkateak. Gauzak horrela, udalak diru laguntza atal berri bat sortu du: alokairuagaz lagunduko diote komertzio bat hartzen duenari edo berri bat zabaltzen duenari. Tabernak ez dira diru laguntza hauetan sartzen, ohiko komertzioak baino ez: harategiak, arraindegiak, janari dendak, okindegiak eta antzerakoak. Komertzioa abenduaren 1etik aurrera zabaldu edo hartu dutenek jaso dezakete laguntza, eta 2024 hasieratik aurrera hasi daitezke laguntza jasotzen. Lehenengo urte bietan —24 hilabetez— 400 eurora arte jaso dezakete hilero alokairua ordaintzeko, betiere lokalaren alokairua 650 eurotik gorakoa ez bada. Laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak udaletxean daude eskuragarri.

Erosketa bonuak

Komertzioetan salerosketan bultzatzeko kanpaina bat ere hasi du udalak. Abenduaren 11n  5.000 txartel banatu zituzten kanpainan parte hartu duten hamar komertzioetan. Dendariek bezeroen artean banatuko dituzte. Txartelak 'urratu eta irabazi' erakoak dira. Batzuek ez dute saririk, baina beste batzuek 10 euroko sariak dituzte, gero dendetan gastatzeko. Guztira, 1.000 txartel saridun daude. Txarteletan dirurik egokitzen ez zaienek, 1.000 euroko zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Zozketa hori urtarrilaren 5ean egingo da. Kasu honetan ere, kanpainan parte hartu duten herriko komertzietan gastatu beharko du diru hori irabazleak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!