Otxandioko Udalak herriko osasun zentroko lehen arretak dituen gabeziak salatu ditu. Ildo horretatik, herritarrei egoeraren berri emateko, batzar ireki bat deitu du gaur, 18:30ean, Kontseilupean. Bertan, eskura duten informazioa elkarbanatuko dute eta herritarren kexak jasoko dituzte.
Otxandioko osasun zentroko mediku bakarra "bajan" dagoela eta azken asteetan kontsultako kobertura "partziala" izan dela informatu dute udaletik. Zerbitzua ematera beste zonalde batzuetako medikuak bertaratu behar izan dira. Baina egoera hori ez da jasangarria eta egun batzutan ez dute medikurik izan herrian. Udalak salatu duenez, "egoera hau luzatzeak Otxandioko kontsultako medikuaren kobertura %70 murriztea ekarriko du; hau da, gutxienez hiru egunetik bitan herrian medikurik ez izatea ekarriko du". Udalak egoerari "irtenbide bat ahalik arinen" emateko eskatu die ofizialki Osakidetzari eta Osasun Sailari.