Euskara normalizatzearen aurkako epaien aurrean "kezka eta larritasuna" adierazi ditu Otxandioko Udalak

Anboto 2023ko aza. 2a, 11:18
Otxandioko udalbatza osatzen duten zinegotzien argazkia zapatuko manifestaziora deitzeko kartelarekin.

Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon zapatu honetan deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Euskararen normalizazioaren aurka doazen epaiak kritikatu ditu Otxandioko Udalak. Epaiek "euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan" jartzen dutela uste dute. Beraz, epai hauek euskararen biziberritzearen "aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak" ere badirela adierazi dute.

Egoera horren aurrean adierazpen instituzionala onartu dute udalbatzarra osatzen duten alderdiek. Bertan "kezka eta larritasuna" adierazi eta sententziak "oztopoak besterik ez dakartzala" salatu dute. "Sententzia horiek bereziki eragiten digute udalerri euskaldunei, horietan ari baikara  hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien", gehitu dute. Udalak dei egin die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako  erakunde guztiei "euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko".

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!