Ekimenez beteriko eguna zapatuan Otxandion, 'Gorbeiako Altxorrak' ekimenean

Joseba Derteano 2023ko ira. 28a, 11:30
Korrontzik dantza, herri kirola eta musika uztartzen dituen ikuskizuna egingo du. (Argazkia: Korrontzi)

Gorbeia Helmuga Turistikoak 'Gorbeiako Altxorrak' izeneko ekimena antolatu du zapatu honetarako Otxandion, inguru horretako paisaian, gastronomian zein beste hainbat arlotan dauden aberastasunak ezagutarazteko helburuagaz. Egun osoko jaian, adin guztiei zuzenduriko ekintzak egongo dira. 

Ekimen batzuetarako izena eman behar da eta plazak mugatuak dira. Dastatze biren kasuan, abidibez. 11:30ean hasiko den Urigoitiko txorizoena eta 13:00etan hasiko den Ugabe txakolinarena eta bermutarena. Urigoitiko Txorizoak Orozko herrian orain hamarkada bat baino gehiagotik dagoen txerri aziendaren familia ustiapena da. Euren txorizoek birritan irabazi dute Euskadiko txapelketa. Bestalde, Ugabe Txakolinaren ustiategia Artea udalerrian dago. 2016tik Bizkaiko Txakolina jatorri-izena hartuta dauka eta txakolin hau artisau eran ekoizten da oso-osorik. Dastatze bi hauetarako izen-ematea gorbeiaeuskadi.com webgunearen bitartez egin daiteke.

Eguerdian eta arratsaldean musika izango da nagusi. 13:00etan Jazz Kollective Quartet taldearen kontzertua hasiko da, eta 19:00etan Korrontzik dantza, herri kirolak eta folk musika uztartzen dituen Izan bagara ikuskizuna egingo du. 

Ekoizle eta artisauen azoka
Aipaturikoaz gainera, Gorbeiako ekoizle eta artisauen azoka ere antolatu dute; 11:00etatik 15:00etara izango da. Ondoan gastro-gune bat izango du, azokan erosiriko produktuak lasai jateko espazioa. Azkenik, sormen gunean umeei zuzenduriko ekintzak egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!