"Umorista izatea mundua ikusteko era bat da lanbidea baino gehiago"

Aitziber Basauri 2023ko ira. 24a, 10:27

Bartzelona eta Otxandio artean bizi da Julen Axpe Ajuria (Otxandio, 1995). Futbolari izatea amesten zuen, baina bizitzak umorea egitera eraman du. Zuzeneko emanaldietan eroso sentitzen da eta horri eutsi gura dio. Gehienez hile bi egiten ditu herritik urrun. "Sustraiak elikatu behar dira adarrak hazteko", dio.

Etxea eta lantokia duzu furgoneta. Ez da espazio txikia biak bateratzeko? 
Bai, baina ondo optimizatuta dago (barrez). Gutxigaz bizitzea lagungarria dela ikasi dut.

Zelan sortu zitzaizun furgoneta hartu eta bertotik umorea egiteko ideia?  
Furgoneta osabarena zen eta kentzea erabaki zuenean niri eman zidan; umetan asko bidaiatu nuen beragaz. Ordurako egonda nengoen Bartzelonan stand up-ean lehenengo saioak egiten, eta hori gura nuela erabakita furgoneta hartu eta hara joan nintzen bizitzera. Furgonetan bidaiatzea eta komedia egitea, pasio biak batuz jaio zen Furgonologo. Furgonetako bizipenekin esketxak egiten eta sareetan zabaltzen hasi nintzen. 

Zelan moldatu zara furgonetan?
Fase desberdinak bizi izan ditut. Egunak aurrera joan ahala, hasierako beldurra eta segurtasun eza desagertuz joan ziren. Esperientzia aberasgarria izan da. 

Orain Otxandion zaude
Bai, trantsizio etapa bat bizi dut. Lau urte eman ditut furgonetan bizitzen eta sortzen. Oso prozesu kontzientea izan da, gainera. Introspekzio handia egin dut, eta artista eta pertsona lez asko hazi naiz. Bizitza pertsonala eta artistikoa eskutik joan dira: lehenengoak behar zuen guztia eman dio bigarrenari. Hori amaituta, beste fase batean nago. Momentu pertsonal berri bat bizi dut, gainera. Beraz, nire gorputzari zer behar duen entzun gura diot. Sortzailea naiz, hala sentitzen dut. Eta sortzaile hori elikatzeko, bizitzari begiratu behar diot.

Furgoneta aparkatu duzu, orduan?
Etxean eta furgonetan, erdibituta bizi naiz. Herrian egonda, amamarenean bazkaltzen dut, amarenean afaldu, aitarenean dutxatu eta emanaldi bat dudanean furgonetan lo egiten dut.

Furgonetan bizitzeak abantailak ala desabantailak ditu gehiago?
Ez naiz Van Life-aren predikatzailea. Bakoitzak ikusi behar du zer behar duen pertsona lez hazteko. Hori behar izan nuen nik. Baina ez dut nire marka furgoneta bati lotuta ikusten. Sentitzen dudana egingo dut; furgoneta batean izan liteke, zein ez.

Sare sozialak bozgorailu ezin hobea izan dituzu. 69.000 jarraitzailetik gora dituzu Instagramen.
Gaur egun, komiko edo artiston curriculuma da. Egindako lana erakusteko askatasuna ematen dute eta emanaldi asko sortu zaizkit horrela. Gainera, polita da jendeagaz hartu-eman zuzen hori izatea. 

Futbolaria izatea amesten zenuen. Pentsatzen zenuen umorista izatea?
Beti diot futbolean porrot eginda sartu nintzela umoregintzan. Futbolari izatea nuen amets, bai. Dena dela, umorista izatea mundua ikusteko era bat da lanbidea baino gehiago. Nire bizipen guztiek elikatu dute orain naizena.

Nora joango zinateke furgonetagaz?
Leku polit asko daude. Baina bidaiei oinarri artistiko bat ikusi behar diet. Maldizioa ere bada, neurri batean. Oporretarako, gurago dut hotel bat hartu (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!