Basabisita egingo dute domekan, otxandiarrek 500 urtean baino gehiagoan Limitadura egiten duten buelta

Jone Guenetxea 2023ko ira. 16a, 10:20

Otxandioren eta Aramaioren artean dagoen lur zati batek eztabaida sortzen jarraitzen du oraindino ere. Ez dago argi eremu hori zein herriren jabetzakoa den. Iraileko hirugarren domekan, otxandiarrek Basabisita egiten dute inguru horretara. Irteera horretan, udal agintari zein herritarrek Limitaduaren mugak aztertzen dituzte. Domeka honetan, ohiturari eutsiz, plazatik irtengo dira, 08:00etan.

Auzi historiko hau bere testuinguruan aztertzeko, Otxandioko Udalak ikerketa egitea eskatu zion Belen Bengoetxea arkeologo durangarrari. 2018tik  2020ra bitartean egin zuten ikerketa historiko sakon hau. Baturiko informazio hori guztia datorren urte hasieran publikatzea aurreikusten dutela iragarri du ikerlariak. Ezinbesteko publikazioa izango da herriko historia ezagutzeko, mapa tematikoekin eta ondare ibilbideekin, besteak beste.

Ikerketa sakona
Bengoetxearen taldeak hainbeste urtetako auzia nondik eta zelan garatu den ikertu du . "Uste genuen oso garrantzitsua zela lur zati hori arkeologikoki irakurtzea. Hor dagoen paisaia ez da momentu batean sortu. Fase historiko ezberdinetako aztarnak daude. Era berean, irakurketa dokumentala ere egin dugu", azaldu du Belen Bengoetxeak.

Limitaduaren gaiak XV. mendean du bere sorburua. "1457ko konkordia dokumentu bat daukagu, honen guztiaren abiapuntuan dagoena. Alde batetik, Aramaioko jauna dago, Juan Alonso de Mujica. Horrek basoaren aprobetxamenduagaz zerikusia duten eskubide batzuk eman zizkion Otxandiori. Ura ganaduari emateko, landareak aprobetxatzeko, egurra mozteko, nekazaritza praktikatzeko... Ez zion eman eskubiderik eraikitzeko, ezta arbolak behetik ebakitzeko ere. Egurretarako bai, baina beste gauzetarako bere baimena beharko zuten. Beraz, lur horren aprobetxamendurik gehiena Otxandiok zeukan momentu horretan", azaldu du Bengoetxeak. Ikerlariak gaineratu duenez, dokumentu horretan ez da aipatzen ezer jurisdikzioari buruz. Beraz, auzi jurisdikzional edo territoriala mantendu egin da gaur egunera arte. Gaia konplexua da, XV. mendetik hona beste eragile batzuek parte hartu dutelako tartean.

Eztabaida historiko honen beste momentu garrantzitsu bat 1664. urtea da. Bengoetxearen taldeak urte horretako dokumentu bat aurkitu du, zeinetan Otxandioko alkateari vara real de justicia deritzona ematen zaion. Data horretan egin zen lehenengo Basabisita. Dokumentu horretan zehazten da munarriak nondik nora doazen. "Data horretan, Otxandiok konpetentzia gehiago eskuratu zuen. Limitaduan arazoren bat sortuz gero aprobetxamenduari zegokionez, Otxandiok izango zuen eskubidea justizia egiteko, eta ez Aramaiok", dio arkeologoak.

Paisaiaren garrantzia
Bengoetxeak garrantzia ematen dio Limitaduko paisaia baloratzeari: "300 elementutik gora katalogatu ditugu eta horrek balioa ematen dio inguru horri. Karobiak, bideak, arbolak... Arbolen kasuan, aprobetxatzeko ebakitzen dira, modu zehatz batzuetan. Zuhaitz lepatuak dira. Egur hori, segun eta zertarako gura duzun, modu batean edo bestean lantzen da. Burdinolek egur mordoa behar zuten eta hortik ateratzen zen. Horregaitik da hain garrantzitsua lursail hori. Planifikazio eta ustiaketa handia izan duen eremu bat da. Horrek guzti horrek markak utzi ditu paisaian, eta horiek interpretatzea interesgarria da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!