Otxandioko bonbardaketan hildakoei omenaldia egingo diete Andikona plazan, bihar

Anboto 2023ko uzt. 22a, 13:26

Gaur betetzen dira 87 urte eraso faxista hura gertatu zela. Biharko antolatu duten oroimen ekitaldiaren ostean, Felipe Arrese Beitiaren eskultura berria inauguratuko dute elizaren ondoan.

1936ko uztailaren 22an Errioxako base militarretik zetozen bi Breguet XIX hegazkinek, Otxandioko Andikona plaza bonbardatu zuten goizeko 9:30ean. Herrian Santamaña jaiak ospatzen zeuden une horretan. Bonbardaketak 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen. Otxandiokoa Gerra Zibilaren lehenengo bonbardaketatzat hartzen da. Bonbardaketa egunaren bueltan, udaleko agintariak eta herritarrak urtero batzen dira Andikona plazan bonbardaketako kalterik handienak jasan zituen inguruan, hildakoak gogoratzeko. Gertaera latz hura gogoratzeko hitzordua bihar izango da, 13:00etan, Andikona plazan. Ondoren, Felipe Arrese Beitiaren eskultura berria inauguratuko dute elizaren ondoan. 

Arrese Beitia Otxandioko euskal idazlearen bustoa urteetan egon da Santa Marina elizaren ondoan. Baina orain urte bi, herriko jaietako egun batean, bustoa lurrean agertu zen. Orain, Eibarko enpresa batek bustoa egin, eta uztailaren 23an berriro inauguratuko dute. Udaletik jakinarazi dutenez, bustoa inaugurazioaren egunean bertan ipiniko dute.

Lekuan bertan aurresku bat dantzatuko dute eta Otxandioko koruak Arrese Beitiak berak konposaturiko abesti bat kantatuko du. Ekitaldian Arrese Beitiaren senitartekoak ere izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!