Pilotaleku ireki eraberritua pilotari gazteen plaza bihurtu da Otxandion

Joseba Derteano 2023ko uzt. 18a, 10:20

Ekainetik hona 30 bat umek astero jokatzen dituzte partiduak plazako pilotaleku irekian. Iluntxo pilota kluba herrian pilota biziberritzeko egiten dabilen ahalegina fruituak ematen dabil. 

Iluntxo pilota kluba etorkizun oparoago baterako haziak ereiten dabil. Umeak erakartzeko, plazara atera dute pilota eta oso erantzun ona izan du. Zazpitik hamalau urtera arteko 30 gaztek asteko hainbat egunetan jokatzen dituzte partiduak. Eta bai gazteak bai euren gurasoak gustura dabiltzala dio Iluntxoko kidea den Beñat Gorospek: "Partidu gehiago antolatzeko eskatzen digute". Irailean helduko da ordua orain ereindakoa jasotzeko. Plazan dabilen umeetariko asko ez dabil pilota klubean, eta horixe dute esperantza klubekoek, euretariko batzuk klubera batzea eta ikasturte berriari indartsuago ekitea. Gainera, ikasturte berrirako Ainhoa Ruiz de Infanteren laguntza ere izango dute. Herriko pilotaririk onena klubean egotea beste amu bat izan daiteke umeak erakartzeko.

Azken urteetan garai konplikatuak bizi izan dituzte. 2019an kolpe handia hartu zuten, pilota klubaren jardunean berebiziko garrantzia izan duten lagun bi hilabete gutxiren barruan hil zirenean: Josetxu Garaigordobil eta Iñaki Uriarte. Beste kide batzuekin batera, biak "figura inportanteak" izan ziren Iluntxoren bilakaera ulertzeko. Hain inportanteak ezen urte hartako santamañetan omenaldi bat prestatu zutela plazan Garaigordobil eta Uriarte gogoratzeko. 

Urtebete geroago heldu zen pandemiak oraindino oztopo gehiago jarri zion zuzendaritza berrizten eta jarraitu beharreko norabidea erabakitzen ari zen klubari. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik, hainbat pilotari gazte herritik kanporako pilota klubetara joan zen.

Baina garai haiek gainditu zituzten eta orain itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari. Plazako pilotalekuak badu zerikusirik loratze berrian. Udalak iazko ekainean inauguratu zuen plaza eraberritua eta Iluntxo etekina ateratzen ari zaio. Bigarren urtez, Plazako Pilota Txapelketa antolatu du nagusiei bagira, eta finalak gaur arratsaldean jokatuko dira. Ikusmina eragiten duen txapelketa da eta jende dezente batzen da partiduak ikustera. Umeek atariko partiduak jokatzen dituzte eta asteko beste egun batzuetan ere aritzen dira. 


Zazpitik hamalau urtera arteko gaztetxoek hainbat partidu jokatzen dute astero.


Garaigordobil eta Uriarte gogoratzeko 2019an egindako omenaldiko irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!