Esaterako, gaur arratsaldean bertan, II. Plazako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte plazako pilotaleku irekian. Kanporaketetan gertatu den moduan, finalean ere ikusle asko batzea itxaroten dute antolatzaileek.
Bihar paella txapelketa izango dute eguerdian, eta musika gauean. Gozzue, Brigade Loco, J Martina eta Maixa & Malakias taldeek joko dute kontzertua. Domekarako, Andikonako omenaldia nabarmendu daiteke. Urtero legez, 1936ko bonbardaketan hildakoak gogoratuko dituzte. Segidan, Felipe Arrese Beitiaren bustoa inauguratuko dute elizaren ondoan. Arratsaldean, aizkolaririk onenak batuko dituen Urrezko Aizkora txapelketa lehiatuko dute plazan.
Txupinazoa
Astelehenean, 11Lore elkartekoek bota zuten jaietako txupinazoa. Elkarteko kideak eta hainbat nazionalitatetako pertsonak batu ziren udaletxeko balkoian pregoia irakurtzeko. "Otxandio, gozatu jaietan, berdintasunean, parekidetasunean, desberdintasunez harro, baina desberdinkerietatik urrun", adierazi zuten txupina piztu aurretik.