Noiz sortu zen 11Lore elkartea?
Onintze López de Letona: Harrera talde lez hasi zen, orain zortzi-bederatzi urte, Otxandiora bizitzera zetorren edozein pertsonari laguntzeko.
Julen Vilalta: Otxandiarren bizi baldintza hobetzea da taldearen funtzio printzipalena; batez ere, egoera zaurgarria bizi dutenena, ahal den neurrian bizi kalitate duin bat izan dezaten. Gaur egun, askotariko ekimenak egiten ditugu. Esaterako, elikagaien bankua. Azkenaldian zortzi-hamar familiari laguntzen diegu eta hamalau bat familiari laguntzera heldu gara. Banaketa hilean behin egiten dugu. Hainbat bidetatik batzen ditugu elikagaiak: Bizkaiko bankutik, herritarrengandik, eskolatik jasotzen dugunetik….
O.L.L.: Horrez gainera, herritarren bitartez arropa, etxetresnak, oheak, umeak autoetan eramateko eserleku bereziak… jasotzen ditugu eta udalak utzitako lokal batean gordetzen ditugu, beharrizana dutenen artean banatzeko.
Zein da laguntzen diezuen horien profila?
O.L.L.: Batez ere familiak dira. Bi, hiru edo ume gehiago dituztenak. Horiek dira hartzaile nagusiak.
J.V.: Beharrizana dutenen argazki orokor bat egitea ez da erraza. Pertsona batzuen beharrizanak ezagutzea konplikatuagoa dela konturatu gara. Esate baterako, bakarrik bizi diren pertsona helduena.
O.L.L.: Gure artean sarritan komentatu dugun zerbait da eta profil konkretu bat izaten dugu buruan: pentsio oso baxua duten emakume nagusiak. Pertsona horiek zailtasunak izango dituzte hile amaierara heltzeko, baina muga pertsonalak, sozialak, kulturalak eta mota guztietakoak daude eurengana heltzeko. Horregaitik, kostatu egiten zaie laguntza eskatzea, eta, aldi berean, geuri ere bai eurengana heltzea.
J.V.: Jendea geroago eta larriago dagoela da joera. Prezioak, orokorrean, igo egin dira; soldatak, ostera, ez, eta jendea diru laguntzen menpe dagoenez, bada, mugatuta dago.
Zer beste ekimen egiten duzue?
J.V.: Helduen Heziketa Iraunkorra (HHI) bultzatu dugu. Durangotik datorren irakasle batek klaseak ematen ditu astean lau egunetan.
O.L.L.: Gutxienez hamabi ikasle behar ziren taldea osatzeko. Durangoko HHIra deitu genuenean, esan ziguten ez genuela gutxiengo taldea sortzea lortuko; biztanle dezente gehiago duen Elorrion ere ahalegindu zirela, eta ez zutela lortu. Bada, aurtengoa bigarren ikasturtea izan da eta hurrengoan ere jarraituko dugu. Euskara taldeak ere baditugu; udalaren eta AEKren artean talde bat sortu dugu. Klase hauek guztiak mantendu gura ditugu, garrantzitsuak direlako pertsonen autonomia garatzeko.
J.V.: Aniztasun jaialdia ere antolatzen dugu. Aurtengoa irailean izango da.
O.L.L.: Egunean zehar sortzen diren kontuetan laguntzeko babes talde lez ere funtzionatzen dugu.
J.V.: Diru laguntzez haratago, egunero sortu daitezkeen kontuak ere badaude eta euren prozesuak dituzte. Adibidez, beharrizan batzuk dituen familia bat: elikagaiak, mantak… dena delakoa; eta hurrengo astean hitzordua izaten dute udalagaz, gaia aztertzeko. Baina bien bitartean hainbat egun dago eta ez dago ezer. Lehenengo harrera hori, larrialdietako laguntza hori, askotan kubritzen dugu. Deitu egiten digute, mobilizatu egiten gara eta berehala erantzuten diogu arazoari. Beharrizan puntualetarako oso ondo funtzionatzen dugu.
O.L.L.: Pertsona eta familia askorentzat erreferentziazko taldea garela uste dut: informazioa eskatzeko, laguntza eskatzeko…
Baduzue herritarren laguntzarik ekimen horiek guztiak aurrera eramateko?
J.V.: Bai, eta atea zabalik dugu batu gura duten denentzat. Talde eragile txiki bat dago, baina egiten dugun dena egin ahal izateko jende askoren laguntza behar da. Herri erdia dago inplikatuta. 11Lorek oso harrera ona izan du herrian. Berez funtzionatzen du.