Otxandioko jaiak 2023

Danborrada, musika kontzertuak eta Gazte Eguna, besteak beste, Otxandioko Jaietan

Anboto 2023ko uzt. 14a, 11:00

Uztailaren 17an, ohiko Salve Regina abestu, txupinazoa jaurti eta urteroko danborradagaz hasiko dituzte ofizialki Otxandioko jaiak. Aurretik, baina, uztailaren 15erako, Gazte Eguna antolatu dute. 

Aurten ere, Otxandioko jaien barruan askotariko musika kontzertuez gozatzeko aukera egongo da. Jaietako jaialdirik indartsuena uztailaren 22koa izango da. San Martin egunez, Gozzue herriko taldea igoko da plazako oholtzara; baita Brigade Loco, J Martina eta Maixa &Malakias ere. Kontzertu hauek 22:00etan hasiko dira. Aurretik, Skapaie elektrotxarangak girotuko ditu Otxandioko kaleak. 

Baina uztailaren 22koak ez dira izango Otxandion egongo diren kontzertu bakarrak. Bihar, esaterako, Gazte Eguna ospatuko dute eta 21:00etan kontzertuak egongo dira Otxandioko Gaztetxean. Desgaraian, Arratians eta DJ Rosamari taldeek joko dute bertan.

Musika eskaintza zabalaz gainera, askotariko ekintzak ere izango dira Otxandioko jaietan. Horietariko bat Urrezko Aizkolari Txapelketa izango da. Uztailaren 23an, 18:00etan, Hodei Ezpeleta Euskadiko txapeldunak eta Mikel Larrañaga Urrezko Aizkolari Banakako txapeldunordeak indarrak neurtuko dituzte. Urrezko Aizkolari txapeldunen ligaz gainera, aizkolari emakumeen binakako desafioa ere jokatuko da. Vulcano V. ingude jasotze txapelketa eta harrijasotze erakusketa ere egongo dira.

Kartel irabazlea, herrikoa
Aurtengo jaietako kartel irabazlea Asier Urrutxurtu otxandiarra da. "Normalean kartel guztiak antzerakoak izaten dira. Zerbait ezberdina egin gura nuen. Eta irabaztea lortu dut", esan zuen. Urrutxurtuk lehenengoz parte hartu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!