Mendia, natura, musika eta kultura batzen dituen Urmuga zeharkaldiak gaur ekin dio Euskal Herriko uren banalerroa Mendebaldetik Ekialdera zeharkatzeari. Ibiltariek goiz honetan irten dute Arabako mugan kokaturiko Angulo portutik, eta Urduñarako bidean daude orduotan. Gaur, Gorobel mendilerroko inguruak zeharkatuko dituzte.
Urmugak 19 eguneko zeharkaldia egiteko aukera eskainiko du aurten. 19 etapatan, ibilitariek Euskal Herriko mutur biak lotuko dituzte, Arabako Mendebaldetik hasi eta Nafarroako Ekialdean, Hiru Erregeen Mahaian, bukatuta. Zeharkaldiak Durangaldea ere bisitatuko du. Hori asteburu honetan izango da. Barikuan, egitasmoari loturiko musika emanaldiak egongo dira Otxandioko Presazelain. Et Incarnatus orkestraren gidaritzapean, Mikel Urdangarinek, Leire Letuk, Bixente Martinezek, Carme Canelak, Baleen Lobek, Kristina Aranzabek, Leturiak, Iñaki Dieguezek eta Otxandioko txistulariek bertako pagadiak eskaintzen duen ingurune naturala erabiliko dute eszenatoki modura. Kontzertuak 18:30etan hasiko dira.
Mendi zeharkaldia egiten dabiltzan ibiltariak, berriz, zapatuan ailegatuko dira eskualdera. Urkiolako mendatera hain zuzen ere. Han pasako dute gaua, eta Arlabanerako bidea hartuko dute domekan. Otxandioko kontzertuetara joateko sarrerak urmuga.eus atarian eskuratu daitezke.