Aitor Ajuria Skyrunner World Series kopako finalera sailkatu da Frantziako Skyrace Des Matheysins lasterketan

Anboto 2023ko mai. 17a, 09:43
Irati Zubizarreta eta Aitor Ajuria. (Argazkia: Emf)

Frantziako Alpeetan lehenengo hamarren artean sailkatu delako lortu du finalerako txartela.

Skyrunner World Series kopa 12 lasterketek osatzen dute eta euretako edozeinetan aurreneko hamarren artean sailkatzen denak finalerako txartela eskuratzen du. Joan zen asteburuan kopako bigarren proba lehiatu zuten Frantziako Alpeetan, Skyrace Des Matheysins izeneko proban, eta Aitor Ajuria zazpigarren sailkatu zen. Beraz, finalerako sailkatu da korrikalari otxandiarra. Finala urriaren 29an izango da, Italiako Limone Xtreme lasterketan.

Euskal Selekzioak hiru ordezkari izan zituen Frantziako proban: Aitor Ajuria, Javier Goitia eta Irati Zubizarreta. 25 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboko proban gailur elurtuei, tontor bereziki gogorrei eta tenperatura oso baxuei aurre egin zieten euskal ordezkariek.

Aitor Ajuriak atzetik aurrerako bidea egin zuen lasterketan. Erritmo erosoari eutsi zion lasterketaren lehen zatian, Deabruaren Zidorrera iritsi arte. Hortik Pérolier gailurreraino iritsi zen, jaitsiera teknikoan zehar postuak irabazten jarraitzeko. Hamalaugarren postutik zazpigarrenera igaro zen, eta bertan kokatu zen 2:34:34ko denboran helmuga zeharkatu arte.

Irati Zubizarreta bosgarren sailkatu zen 3:12:53ko denborarekin. Javier Goitiak gehiago sufritu zuen eta hogeita hemeretzigarren postuan helmugaratu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!