Joan zen domekan Euskadiko Kilometro Bertikaleko Txapelketa lehiatu zuten eta borroka estu baten ondoren erabaki zen irabazlea. Iñigo Alzolak 36:28an egin zuen ibilbidea, Aitor Ajuria bigarren sailkatuak baino 7 segundo azkarrago. Hirugarren postuan Hodei Samaniego helmugaratu zen (36:45). Beraz, Ajuria otxandiarra azpitxapeldun geratu zen.
Korrikalariak banan-banan atera ziren irteeran, Larraitzetik Gaintzako bidegurutzeraino eta hortik aurrera Txindokira. Guztira, 3,6 kilometro egin zituzten, 980 metroko desnibel positiboagaz. "Parte-hartze handia egon zen maila kualitatiboan zein kuantitatiboan, penintsula osoko korrikalariekin, proba honek FEDMEk Europako txapelketarako eramango duen hautaketarako balio baitu", azaldu dute Euskadiko Mendi Federazioko arduradunek ohar batean.