Aitor Ajuria otxandiarrak Aloñako Igoera irabazi du Oñatin

Anboto 2023ko api. 24a, 09:34
Aitor Ajuria helmugara heltzen. (Argazkia: Goiena/Imanol Soriano)

Atzokoagaz, bigarren garaipena du Oñatin

Haizeak eta eurak baldintzatutako lasterketan, 300 bat korrikalarik parte hartu zuten atzo XVIII. Aloñako Igoeran, Oñatin. 22,6 kilometroko eta 1868 metroko desnibel positiboko proban Aitor Ajuria otxandiarra nagusitu zen gizonetan. Walter Becerraren hutsunearekin, Ajuria zen gizonezkoetan faborito nagusia lasterketa irabazteko eta Domusa Teknik Lana taldeko korrikalariak ez zuen hutsik egin. Duela bi urte jantzi zuen lehenengo txapela Oñatin eta atzokoan 2:03:35 denborarekin helmugaratu zen txapela bigarrenez janzteko. Hasieratik lehen postuan jarri zen eta Urtiagainera aldetxoarekin iritsi zen arren aurkariak atzetik izan zituen une askotan eta, estutu beharra izan zuen hauei aldea ateratzeko. Azkenean bakarrik helmugaratu zen (2:03:35) eta lau minututik gorako aldea atera zion Iñigo Uribetxeberria bigarren sailkatuari (2:07:45). Mikel Zabalegik osatu zuen podiuma: 2:09:43.

Emakumeetan Malen Osa oñatiarra nagusitu zen eta 2018an Maite Maiorak ezarritako errekora minutu bian hobetu zuen: 2:18:34. Maddi Mujikak (2:43:45) eta Garazi Abasolok (2:48.02) osatu zuten podiuma.

Lasterketako kronika osoa Goiena.eus webgunean irakurri daiteke.

Aitor Ajuria eta Malen Osa podiumean. (Argazkia: Goiena/Imanol Soriano)

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!