Goizean, 10:30ean, entsegu bategaz hasiko dute eguna, eta 12:00etan kalejiran irtengo dute jai giroa kalerik kale zabalduta. 13:00etan Andikona plazan batuko dira eta hantxe emango dute kontzertua. Euria egiten badu, Santa Marina elizara tokialdatuko dute ekimena. Kontzertu honetan Otxandioko Kaleik kale txistulari taldea arituko da, baina, ohikoa den moduan, Durangaldeko eta beste hainbat herritako txistulariak ere batuko dira. Aurten, Iurretako, Durangoko, Berrizko, Abadiñoko, Elorrioko, Mañariko eta Markinako txistulariek ere parte hartuko dute eta Gasteizko txistulariak ere etorriko direla aurreratu dute antolatzaileek. Kepa Pinedok egingo ditu zuzendari lanak.
Txistulariak ez dira bakarrik arituko. Izan ere, Oihandi Abesbatzak, Urduri dantza taldeak, metal boskote batek, abeslariek eta gazte talde batek ere parte hartuko dute ekimenean.
Ondoren, 15:00etan, parte hartzaile guztiek bazkaria izango dute elkarregaz Bolalekuan, eta horregaz emango diote amaiera aurtengo aldiari.