"Ados klubean aurrerapausoak eta hobekuntza handiak aurkitu ditut pilotarien baldintzetan”

Joseba Derteano 2023ko ots. 18a, 10:20

Ainhoa Ruiz de Infante gustura dabil txapelketan eta gustura Ados klubean. Txapelketan, Oihana Orbegozo eta biak final-laurdenetara sailkatu dira, orain arte egindako lanari eskerrak. Ados klubari dagokionez, pilotariei ematen zaien tratuan hobekuntzak ikusi ditu klubera batu zenetik. 

Gustura zaude orain arte egindako lanagaz?
Lehenengo partidu biak irabazita oso ondo hasi ginen. Gero, lehenengo sailkatu bien kontra galdu genuen. Ez genuen txarto jokatu, irabazi genezakeen, baina une zehatz batzuetan egindako hutsengaitik galdu egin genuen. Gerora berriro irabazi dugu. Beti egin daiteke hobeto, baina pozik gaude.

Txapelketa irabaztea ametsa da, ala lortu dezakezuen zerbait?
Txapela lortzea posible da. Onenen kontra maila ona eman dugu eta hutsegite konkretu batzuk zaintzen baditugu txapela lortzeko lehian egon gaitezke. Baina, tira, finala urrun ikusten dut oraindino, lan handia dugu aurretik. 

Orain lau-bost urte elkarrizketatu zintudan azkenekoz, 17 urte zenituela. Harrezkero zertan aldatu da Ainhoa Ruiz de Infante?
Kantxan eta bere jokoan konfiantza gehiago dut eta ezker eskua hobetu dut. Noiz arriskatu eta noiz ez ikasi dut, batzuetan tantoa landu egin behar dela arriskatu aurretik. Eguneroko bizimoduak, batxillergotik unibertsitarerako saltoak… horrek asko irakasten dizute. 

Durangaldekoa zarelako-edo asko jokatzen zabiltza inguruotan. Abendutik hona Otxandion, Izurtzan eta Durangon jokatu duzu. 
Bai, eta etxean edo eskualdean jokatzeak ilusioa egiten du. Azkenean, Ados kluba Durangaldera ez ezik beste eskualdeetara eta, orokorrean, Bizkaira, Gipuzkoara zein Arabara zabaltzeko apustua egiten dabil. Nafarroan asko jokatu dugu, baina garrantzitsua da beste lurraldeetara ere hedatzea.

2021ean Ados kluba sortu zenean, bertara batu zinen Emakumeen Master Cup utzita. Zergaitik hartu zenuen erabaki hori?
Hasieran Master Cup-ek pilotariok plazara irteten lagundu zuen eta lan hori hor dago. Baina erabakiak hartzeko une bat heldu zitzaidan, eta gauzak egiteko moduak birdefinitzekoa, eta horretan jauzi handia nabaritu dut Ados klubean. Klub honetan hobekuntza handiak eta aurrerapausoak ikusi ditut pilotarien baldintzetan. Urte osoko kontratua dugu, urte osoan kotizatzen dugu eta asegurua dugu. Master Cup-en ez nuen horrelakorik. Lanegun bakoitzeko kotizatzen nuen. Profesionaltasunetik urrun gaude oraindino.Profesionala izatea ez da telebistan agertzea bakarrik. Profesional sentitzea ere bada, baldintza egokiak dituzula ikustea, beste edozein lanbidetan lez. 

Orain pilotari batzuk Master Cup-en dabiltza, eta beste batzuk Ados klubean. Lubaki bat dago pilotari talde bien artean?
Emakume pilotariak banatuta gaudela ematen du eta pena da.  Alde biok berba egingo bagenu hoberako litzateke, baina une honetan gatx dago. Azkenean, bakoitzak gehien zer komeni zaion ikusi behar du eta erabaki  guztiak errespetatu behar dira, baina gauza batzuk argi daude nire ustez. Nork hartzen ditu erabakiak? Ados kluba pilotariok maneiatzen dugu. Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre [sortzaileak] daude hor goian, baina  gure mailan daude azken batean, gure modukoak dira. Horrek ahalduntzeko aukera eskaintzen digu emakume pilotarioi eta ez gara desinformatuak sentitzen. 

Bestalde, kanpotik begiratuta, eman dezake pilotarien mailan ere aldea dagoela, haiek gu baino hobeak direla. Ez da horrela. Desinformazio handia dago horretan.

Oraingoz zuen txapelketa ez da telebistan ematen. Hori oso lagungarria litzateke oihartzuna gehitzeko eta babesleak lortzeko. 
Sare sozialak hor daude, baina telebista garrantzitsua da oihartzuna handitzeko, bai. Baina gatxa da. Ados iaz sortu zen eta Master Cup-ek sei bat urte daramatza martxan. Guk ez dugu dena apurtu gura. Ondo egongo litzateke alde biak akordio batera heltzea. 

Dimako pilota eskolako arduradunetariko eta entrenatzaileetariko bat zara. Zelako esperientzia izaten ari da?
Hiru urte daramatzat horretan; mutilak zein neskak entrenatzen ditut. Asko ikasten nabil eta entrenatzen ditudan neska-mutilen bilakaera ikustea oso polita da. 

Otxandioko Iluntxo pilota elkartean hasi zinen. Zein da elkartearen egoera gaur egun?
Urte askoan pilota klubaren ardura eraman zuten hiru pertsonak hil egin ziren denbora gutxiren barruan. Lan handia egin zuten urte askoan. Urte batzuetan pilota elkartea desagertuta egon dela esan daiteke. Azkenaldian, herritar batek hartu du ardura eta hainbat ume dabil beragaz. Meritu handia du.

Inoiz bueltatuko zara hazten ikusi zintuen klubera?
Orain urte batzuk ez nuen esperientziarik eta ez nintzen prestatuta sentitzen hori dena aurrera eramateko. Orain, unibertsitatean Gizarte Languntzako ikasketak amaitzen ditudanean eta Dimako eskolan nagoela baliatuz, Otxandioko eskolari laguntzea gura nuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!