Pinudiak murriztea eta hariztiak areagotzea dira Baso Planeko helburuetariko bi Otxandion

Anboto 2023ko ots. 13a, 08:43

Hainbat urtetako prozesuaren ondoren eta beharrezko tramitazio guztiak eginda, Otxandioko Udalak Baso Plana martxan ipiniko du aurten. Guztira, herri onurako 609 hektareari eragingo dio eta hamar urtera begirako plangintza eta ekintza planak jasotzen ditu. 

Une honetan, herri onurako lurretako %90 zuhaiztiak dira. Zuhaiztien artean, pagadiak eta pinudiak dira nagusi, %29 eta %27, hurrenez hurren. Ondoren, haritza (%17) eta haritz amerikarra (%9) datoz.

Baso Planaren bitartez hainbat helburu bete gura dute. Euretariko bat pinuari buruzkoa da. Hain zuzen ere, baso publikoetan pinuen azalera %50 murriztu gura dute. Ildo horretatik, pinudietan matarrasak ekidin eta entresakak multzoka egitea da helburua, bertako espezieak landatuz eta baso mistoak sortuz.  

Pinudiak murrizteagaz batera, bestelako baso ereduak sustatu gura dituzte. Horrela, harizti eremuak areagotzea eta hariztien eta pagadien basoberritze naturalak sustatu gura dituzte. Azkenik, datozen urteetan inbertsioak egin gura dituzte bioaniztasuna kontserbatzeko eta hainbat espezieren habitata hobetzeko.

Lur Geroaren aholkularitza
Plana aurrera eramateko aholkularitza Lur Geroa enpresari esleitu diote. Lur Geroa enpresaren lan esparru nagusia landa-ingurunea da, eta nekazaritzako, basogintzako nahiz ingurumeneko ingeniaritza-proiektuak gauzatzen dituzten baso ingeniariek osatzen dute. Hain zuzen ere, Lur Geroa bera izan da Baso Planaren diseinua egin duen enpresa. Berau osatzeko, herritarrekin parte hartze prozesu bat egin zuten orain urte batzuk. 

Aurtengo ekintzak
Aipaturiko helburuak lortzen joateko, urtero hainbat ekintza egingo dute. Lur Geroakoek prest dute aurtengo ekintza proposamena. Orain, Aldundiko Baso Zerbitzuak ekintza-planari oniritzia emateko zain daude. Asmoa da datorren astean Lur Geroakoak ekintza-plana udalari aurkeztea eta ondoren basoetara joatea ekintzak non eta zelan gauzatuko diren bertatik bertara ikusteko. Baso Zerbitzukoak ere saio horretara gonbidatuta daude. 

Aurtengo urterako ekintza proposamena hauxe da: pinudi eremu baten entresaka egitea, basoen mantentze-lanak egitea, su egurretarako kokapena zehaztea eta bioaniztasunari buruzko ikerketa bat egitea. Hain zuzen ere, aurten saguzarren inguruko ikerketa bat egin gura dute. Otxandion hainbat espezie berezi dago eta euretariko bi Ferra eta Bechstein espezieko saguzarrak dira. Euren habitatari buruz gehiago jakin gura dute, ondoren ekintzak egin eta euren egoera hobetzeko. 

Baso Planak hainbat onura ekarriko duela uste dute. Esaterako, bizitza kalitatea "hobetuko" du Otxandion, Egoitz Garmendia alkatearen esanetan: "Eremu naturalen azalera asko handituko da eta herritarrak lasaiago ibiliko dira". Horrez gainera, "onura ekonomikoak" ere ikusten ditu, besteak beste, bisitariei begirako ibilbide berriak egiteko aukera egongo delako eta horrek turistak erakarri ditzakeelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!