Otxandioko eskolan ipinitako 84 eguzki-plaketan sorturiko argindarra udaleko zortzi eraikinetan kontsumituko dute

Joseba Derteano 2023ko ots. 7a, 08:41

Trantsizio energetikorako 2020/30 plangintzaren barruan, Otxandioko Udalak hainbat ekintza burutu ditu 2022an. Orain hile batzuetatik, martxan da haurreskolako eraikinean ipinitako eguzki-plaka sistema eta oraintsu amaitu dute bigarren azpiegitura: Mainondoko eskolako teilatuan kokaturiko 84 eguzki-panel.

Eskolako azken azgiegitura horren potentzia 45,4 kWp da. Urteko 56.309 kWh sortuko dituela estimatzen da, eta euretariko 19.858 autokontsumitu egingo dituztela. Hain zuzen ere, udaleko zortzi eraikinetan kontsumituko da energia kopuru hori: eskolan, frontoian, udaletxean, gaztetxeko eraikinean, kultur etxean, jubilatuen lokalean, igerilekuan eta udal pabilioian. Haurreskolako instalazioan sorturiko energia, ostera, eraikin hartan bertan kontsumitzen da.

Herriko eraikinetan kontsumitzen ez den energia, hau da, soberakina (36.451kWh), argindar sare nagusira bidaliko da eta, ordainetan, udalak kopuru horri dagozkion deskontuak izango ditu argindarraren fakturetan. Izan ere, beti ez da posible sorturiko energia kontsumitzea; esaterako, udako oporraldian eskola itxita dagoelako eta neguan igerilekua itxita dagoelako. Azpiegitura biak ipintzeak —eskolakoa eta haurreskolakoa— 90.857 euroko aurrekontua eskatu du. Kopuru horren %97 diru laguntzen bitartez estali ahal izan du udalak.

Proiektu gehiago
Eguzki-plaka instalazioak trantsizio energetikoaren barruko estrategiaren lan ildo bat dira. Beste gehiago ere martxan ditu udalak. Esaterako, Europako funtsean diru laguntza eskaria eginda dauka eskolako eta frontoiko berokuntza sistema aldatzeko: gasoil galdaratik biomasaren eta eguzki-panelen bidezko sistemara. Horregaz batera, udala Oreka ekomunitate energetikoko bazkideetariko bat da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!