Otxandioko nerabeei zuzenduriko aisialdi eskaintzak indarberrituta ekin dio ikasturteari

Anboto 2023ko urt. 24a, 09:00

Txatxilipurdi elkarteak Otxandion antolatzen duen aisialdi eskaintzak indarberrituta hasi du ikasturtea; batez ere, nerabeei zuzenduriko saioei dagokienez. 12tik 16 urtera artekoen beharrizanak asetzeko ahalegin berezia egiten dabiltza.

Otxandioko eskolan Lehen Hezkuntza amaitu arte ikasten dute umeek; hau da, 12 urtera arte. Hortik aurrera, beste herri batzuetako ikastetxeetara joaten dira eta herritik kanporako hartu-emanak egiten dituzte. Egunerokotasun horretan, beste toki batzuetara mugitzen dira. "Horregaitik inportantea deritzogu herrian bertan aproposa den aisialdi zerbitzua eskaintzeari", azaldu du Txatxilipurdiko koordinatzaile Itsaso Garaik. 

Nerabeengana heltzeko, "urteetan" lanean ibili direla azaldu du Garaik, baina aurten ahalegin berezia egiten dabiltzala. Gaztetxoekin batu dira. "Eurei entzutea izan da bidea. Euren nahiak eta beharrizanak jaso eta horiek kontuan hartu ditugu", dio Garaik.

Batzeko espazio atsegin bat  falta zitzaiela zen nerabeen eskaeretariko bat, Gazte Txoko moduko bat. Andresa Landako gela "hotza" egiten zitzaien. Gaztetxean aurkitu dute behar zutena. Hango gela batek futbolina, sofak, eszenatokia… ditu eta Gazte Txoko batera gehiago gerturatzen da. Barikuro batzen dira han eta askotariko ekintzak egiten dituzte.

Hilean behin herritik kanporako irteerak egiten dituzte. Iazko abenduan Bilboko Gabonetako Haur Parkera joan ziren eta laster Gasteizko izotz pistan ibiliko dira. Kasu honetan ere nerabeen nahiak entzun dituzte. Orain arte egindakoa egokitzat jotzen dute. Aisialdian parte hartzen duten nerabeen kopurua 10etik 23ra hazi da. "Gazte guztiak ekintza denetara joan dira eta oso ondo pasatu dute", dio Garaik.

12 urtetik beherako umeen kasuan, Txatxilipurdiko eskaintza arrakastatsua da: 136 ume dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!