Mirugain mendi taldeak Arangion esango dio agur urteari bere 50. urteurrenean

Joseba Derteano 2022ko abe. 28a, 10:00

Aurtengoa urte berezia izan da Mirugain mendi taldearentzat. Urte osoan zehar hainbat ekintza egin dute taldea sortu zeneko 50. urteurrena ospatzeko. Orain, tradizioari eutsita, Arangio inguruko tontor batetik agurtuko dute urtea, Guraso Elkarteagaz batera antolaturiko ekimen batean.  

Gabon zahar egunean joango dira bertara. Autobus geltokian elkartuko dira, 09:30ean. Arangion, ohiko buzoi bat barik metalezko txondor bat dago, bere sasoian otxandiar batek egindakoa. Han inguruan batu eta Mirugainen aurtengo egutegia erre eta berria banatuko dute. Ondoren, 'Agur, urtezahar' abestia kantatuko dute. Otxandioko kanta bat da. Emilio Donadok liburu batean batu zituen Otxandioko,  Legutioko eta Ubideko kantak, eta han jasota dago abesti hori. 

Ondoren, xanpaina eta turroia egongo da bertaratzen direnentzat, eta guraso elkarteak ogitartekoak banatuko ditu. Mirugainek ekintza asko antolatu du urtean zehar: erakusketak, bazkari herrikoia… Horrez gainera, jaietako txupinazoa bota zuten Oihandi abesbatzagaz batera. "Oso pozik gaude, gura genuen moduan irten du denak. Gainera, jende berria gogotsu eta gauzak egiteko irrikagaz sartu da", adierazi du Mirugaineko Tomas Agirrek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!