“Jendearen harrera beroa izan da inportanteena”

J.G./E.H. 2022ko abe. 23a, 09:30

BECen joan zen asteburuan emandako kontzertu bien ajea pasatu berri, Gasteizera begira jarrita dago Josu Zabala musikaria. Hertzainak taldeak hantxe emango du bere azken kontzertua, urtarrilaren 6an. Otxandioko Mekoleta auzoan, Zabalak eskuzabal hartu ditu ANBOTOko kazetariak. Elkarrizketa osoa jarraian idatziz.

Errekuperatu zara joan zen asteko kontzertuetatik?
Bai, bai, erraz gainera. Kontzertuetan berez ez gara nekatzen. Kontzertu aurreko zereginetan bai, nekatzen gara: soinu probetan, arregloak egiten.. Antolaketan nekatzen gara. Kontzertuan disfrutatzera joaten gara.

Zein sentsazio geratu zaizue?
Barikuan zapatuan baino gorabehera tekniko gehiago izan ziren. Pertsonalki, bigarrenean lehenengoan baino gehiago disfrutatu nuen. Lehenengoa beti izaten da zailagoa. Bandak oraindik ez dauka rodajerik, eta hori inportantea da. Tentsioa areagotzen zuten beste kontu batzuk ere bazeuden, telebista eta abar. Musikari berriak uztartzea ere kontuan hartzekoa izan zen eta guztiari segida arina eman gura genion. Gu kontzertu azkarrak ematera ohituta geunden, aldaketarik barik eta kantu batetik bestera segidan pasatuz. Kasu honetan, abesti hasieretan elkarri begira geratzen ginen, ea sokakoak prest zeuden eta abar.

Zuen ohiko kontzertuekin alderatuz ezberdina izan zen.
Guretzat kontzertu ezberdin bat izan zen. Prentsaurrekoan esan nuen kontzertu hauek aberatsen moduan egingo genituela, historia guztian miserable batzuk izanda gero. Azkenean, aberatsen tankeran egin nahi genuen kontzertua, baina horrek bere zama ere badauka. Jendearen harrera beroa izan da inportanteena. Kontzertu batean, publikoak zeresan handia du arrakastari begira, eta kasu honetan ere horrela izan da. Publikoak dena errazten du. Gauzak oker dabiltzanean publikoak ondo erantzuten badu, dena hobera doa.

Ordu eta erdiko kontzertu bi, bariku eta zapatu. Exigentea izan zen?
Horixe zen nire kezka partikularra. Ia fisikoki aguantatuko nuen hainbeste denboran jo gabe egon eta gero. Baina nik beti esaten dut oholtza dela medizinarik onena. Egia esan, horrelako publiko bat aurrean duzunean ez zara nekatzen. Plazer ikaragarria da eta gaixotasun guztiak desagertzen dira bat-batean.

BEC birritan bete duzue eta orain Gasteiz geratzen da. Erantzun hori espero zenuten?
Ez nuen horrelako erantzunik espero. BECen egitea proposatu zigutenean astakeria bat zela pentsatu nuen, hobe zela aurrekoan bezala Euskaldunan egitea. Gure ego putakume hori asko poztu eta puzten da horrelako gauzekin. Ez da erraza azaltzen zein eragin duen hainbeste urteren ondoren taldea amortizatutzat ematen dugunean jendearen partetik gure abestiak entzuteko horrelako gose eta egarria sentitzeak. Mila esker hainbat kantu lapurtu dizkigun jende horri, beraienak egin eta sentiaraztearren kantu horiek jadanik ez direla gureak. Hori sortzaile batentzat saririk onena da.  

Berriro elkartu zarete entseguetarako. Zein kimika sortu da zuen artean?
Gure artean beti egon izan da tentsio handia: eztabaidak, bronkak eta denerik, betiko moduan.

Urteek ez dute hori baretu?
Gure kasuan uste dut ez dugula asko mejoratu. Agian hori da gure izaera. Guretzat oso garrantzitsua da egiten ari garena eta oso serio hartzen dugu. Bakoitzak gure ikuspuntua du eta batzuetan ez dugu bat egiten. Gure DNAren zati inportantea da hori, eta beti izan da. 

Zuen abesti guztiak klasikoak dira. Kontzertu baterako aukeraketa egitea ez zen erraza izango.
Ez da erraza izan. Zerrenda luze bat egin genuen. Abesti batzuk lehengo modura bota ditugu kontzertu hauetan, baina gehienak berrikusi egin ditugu. Kolaboratzaileak, soka-laukotea, metalak... lehenengoz izan ditugu laguntzaile. Oso jende jatorragaz topo egin dugu eta laguntza itzela eman digute. Lan prozesu luze eta mamitsua izan da. Txarrena da guztiok utzi ditugula gure kantu kutun batzuk sartu barik. Orain Gasteizkora begira ari gara ea beste kanturen bat errekuperatzen dugun. Hor geratu dira Kamarada, Drogak AEKn, Salda Badago, Egunero... 

Gasteizkoa behin betiko agurra izango da?
Nik uste dut baietz. Gu harakiri perfektua egiten saiatu gara. Ezpata oso ondo zorroztuta dago eta hutsik ez egitea espero dugu. Eta gero gerokoak. Badakigu askotan esaten duguna jan egin behar izaten dugula. Baina uste dut horrela planteatu dugula hau, eta saiatuko gara ematen dugun berbarekin fidelak izaten. Tokatzen dela uste dut. Amets Arzallusek oso ondo esan zuen Nafarroa Arenan Euskal Herriak kantu eta letra berriak behar dituela. Lekua uztea da orain guri tokatzen zaiguna. Urte askoan lekua utzi genuen eta orain berriro lekua utziko diegu sortzaile eta kantu berriei.

Geratzen zaizue arantzarik ziklo itxiera honetan?
Arantza pila bat. Askotan gauzak ez dira ateratzen nahi duzun moduan. Baina horren gainetik pribilegiatuaren sentsazioa geratzen zait. Uste dut pribilegio bat dela hainbeste urteren ostean taldea gogoratua izatea. Sasoi hartan egindako hainbat kantuk gaur egun oraindik zentzua dutela sentitzen dut.

Zer esango lioke Hertzainaken hasierako Josuk gaur egungoari?
Seguraski hona nola heldu naizen galdetuko lidake, eta "Aspaldi desagertu behar zinen, betiko, baina zergatik zaude oraindik jendeari kaparrada ematen?", galdetuko lidake. Edonola ere, filosofikoki Josu harekin oso fidela naizela sentitzen dut. Fisikoki aldatu naiz, baina filosofikoki gazte hura errekonozitzen dut eta hark ere errekonozituko nindukeela esango nuke.

Eta Josu honek gazte hari?
Gure garai eta inguruaren ondorio gara denok. Gu ingurua moldatzen saiatu ginen, dena aldatu nahi genuen. Gauza batzuk aldatu genituela esango nuke, baina munduak gu ere aldatu gaitu eta prozesu hori ebitaezina da. 

Gasteizen hasi zineten eta Gastezen amaituko duzue ibilbidea. Zelakoa zen 80ko hamarkadako Gasteiz?
Hasteko, hiri erdalduna zen. Trauma itzela izan zuen 1976ko martxoaren 3an langile borrokan 5 behargin hil zituztenean. Oso hiri kontserbadorea izan zena berpiztu egin zen eta mugimendu garrantzitsuak izan zituen. Trantsizioa bukatu zenean suposatzen zen Espainian libertate berriak estreinatzen zirela, eta Zapatari kalekoa gertatu zen. Alde Zaharreko kale hori txikiteroena zen eta bizpahiru urtean zeharo aldatu zen. Rock tabernek inbaditu zuten. Txikiteroak pikutara joan ziren, beste kale batzuetara, eta inguru hori gaztez bete zen. Garai hartan gazteek zati handi bat betetzen zuten gizartearen piramidean. Gazte asko ginen eta kale berean batzen ginen. Arazo kolektiboei erantzun kolektibo bat ematen hasi ginen. Hor mugimendu kontrakultural oso inportante bat egosten hasi zen. Bat-batean, kaleak baretu egin behar zirela erabaki zuten politikariek, eta ez genuela matrakarik eman behar. Abandonatu egin gintuzten. Ez geneukan babesik. Ez zegoen kulturarik. Telebista bakarra zegoen. Gu geure entretenimendua sortzen hasi ginen. Testuinguru horretan sortu zen gaztetxeen mugimendua, soldaduskaren kontrako mugimendua, etxebizitzen okupazioa... Mugimendu horiek guztiak kale bakar batean kontzentratuta egoteak Gasteizeko mugimendu kontrakulturala indartzea ekarri zuen. Hala Bedi irratia, gaztetxea eta fanzineak ere sortu ziren, besteak beste. Lehenengo rock taldeak sortu ziren. Kale horretan bertan hasi ginen jotzen, eta publikoa bertan zegoen. Aupada itzela izan genuen segituan, elkarrekin bizi ginelako.

Erdalgune batean euskaraz abesteko hautua egin zenuten.
Beti esaten dut gu bezalako taldea Gasteizen bakarrik sortu zitekeela. Tolosan sortu izan bagina akatu egingo gintuzten. Sasoi hartan, euskaldunek ez zuten batere ondo ikusten egiten genuena. Euskaldunen ustez, arrotzak eta drogazaleak ginen. Antieuskaldunak, nolabait. Inork ere ez zuen pentsatzen gurea euskalduna izateko modu egokia zenik. Hango gazte erdaldunek ez zuten ulertzen zer esaten genuen, baina bazekiten beraien kezkak azaltzen genituela; euskara lapurtu zigutela eta berreskuratu beharreko gauza bat zela. Babestu egiten gintuzten, nahiz eta ez ulertu. Hasieran galdetzen ziguten zergatik ez genuen erdaraz kantatzen. Gure hautu bat zen eta jendeak oso ondo ulertu zuen. Euskara oztopoa izan beharrean plus bat bihurtu zen askorentzat. Euskaldunentzat plusa ez zena erdaldunentzat plus bat izan zen.

Aurreikusi duzue sorpresarik Gasteizko azken kontzerturako?
Bai, baina esaten baditut ez dira sorpresa izango. BECerako sorpresa asko genituen, baina denak iragarri ziren kontzertura orduko, eta, beraz, ez zen sorpresa handirik izan. Oraingo honetan ez dadila nigatik izan. Horretarako, hobe dugu isilik egon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!